2.000 herritarrek egin dute bat alardearen konponbidearen alde
Guztion Alardeak azken bi hilabeteetan aurrera eramandako 'Konponbidearen Alde' egitasmoari bukaera eman zion atzo udaletxean. Bildutako sinadurak udal ordezkariei eman zizkieten konponbidearen alde urratsak egiten jarraitzeko.
Guztion Alardeak azken bi hilabeteetan aurrera eraman duen ‘Konponbidearen alde’ egitasmoari bukaera eman zion atzo udaletxean. Denbora horretan 2.000 hondarribiar inguruk konponbidearen alde sinatu dute, honako lau puntuekin bat eginez:
- 1. Alardea hondarribiar guztion ondare immateriala da.
- 2. Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka.
- 3. Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, alardea herriaren eskuetara itzuli behar da.
- 4. Gatazka honen amaiera elkarrizketaren bidetik etorri behar da, hau baita zauriak sendatzen hasteko modu bakarra.
“Oinarrizko” lau aldarrikapen horien inguruan, “sentsibilitate eta pentsaera desberdineko” hondarribiar anitzek bat egin dutela adierazi du Guztion Alardeak. “Desberdintasun ororen gainetik” nahi zehatz batek batu ditu: “Gatazka luze honekin amaitu eta berriz ere jaiak elkarrekin batera ospatzea; emakume eta gizonen, herritarren arteko berdintasuna bermatuko duen guztiona izango den alarde bakar batean”.
Orotara, 1.981 lagunek eman diote sostengua dokumentuari, eta elkarteak zalantzarik ez du “askoz gehiago” ere badirela. Haien ustez, testua ehunka pertsonek sinatu izanak “argi” erakusten du Hondarribian “konponbidearen aldeko ahotsak gero eta gehiago” direla, eta “konponbidearen bideak dagoeneko ez duela atzera bueltarik”.
Bildutako sinadurak atzo eman zituen Guztion Alardeak udaletxean harrera egin zieten Abotsanitz, EH Bildu eta EAJko zinegotzi eta ordezkariei. PSEren kasuan, elkarteko kideek jakinarazi dute zinegotzi batek hasiera batean esan ziela beren udal ordezkariak ekitaldian izango zirela; azken momentuan, ordea, egongo ez zirela adierazi zien alderdi sozialistak.
Alarde Fundazioa
Sinadurak Hondarribiko Udalari emateaz gain, Guztion Alardeak azaldu du beren helburua zela Alarde Fundazioari ere entregatzea “alardearen antolatzaileak diren heinean”. Hala ere, “egindako eskaerei” erantzun ez dietenez, ez dizkiete sinadurak entregatu. Guztion Alardeak nabarmendu du “errespetu falta larria” dela euren burua “herriaren alardearen” arduradun izendatzen duten horiek “ezikusiarena” egitea alardearen aferaren inguruan 2.000 herritar elkartu dituen egitasmo baten aurrean. Egoera horren aurrean, beren “jarrera birplanteatzea” eskatu diete: “Errealitatearen aurrean beste aldera begiratzeak ez garamatza inora. Bada garaia mahai batean eseri eta egoerari merezi duen konponbide duina emateko”.
Sinadurak udal ordezkariei entregatu ondoren, Fundazioaren Arma Plazako egoitzan gutun bat utzi zuten, eurei ere atzo irakurri zuten gogoeta luzatzeko. Guztion Alardeak ez du zalantzarik dokumentu horrek honakoa adierazten duela: “Herritarron borondatea kontuan izan eta gatazka luze hau bideratzeko beharrezko urratsak ematea”.