Justo: "Benetako taldeek, porrot baten ondoren, aurrerapauso bat ematen dute"
Iragan jardunaldiko porrotaren ondoren, Real Union Galera itzuliko da igandean. Tarazonaren aurka jokatuko dute, 12:00etan. Garaipenaren bidera itzuli nahi dute.
Iragan asteburuan Salamancan galdu ondoren, Real Union Galera itzuliko da igandean. Tarazonaren aurka arituko dira nor baino nor, 12:00etatik aurrera. Txuri-beltzek liga hasiera bikaina osatu dute, eta azken partidako porrota atzean utzi nahi dute sailkapeneko goiko postuetan mantentzeko. Irundarrak hirugarren dira sailkapenean 12 punturekin, lidergoan den Tarragonako Nasticetik lau puntura. Tarazona, aldiz, jaitsiera postuetan da hiru punturekin, eta irabazi gabe da aurtengo sasoian.
Igandeko aurkaria egoera onenean egon ez arren, Fran Justok nabarmendu du bisitari bezala ondo ari direla, eta gauzak “zail” jarriko dizkietela: “Bisitari bezala jokatu dituen azken bi partidak irabaztetik oso gertu egon dira. Oso ondo lehiatu dute. Aurkariak eroso ez egotea lortzeko gai dira, fisikoki oso indartsuak dira, baliabideak dituzte, eta gauzak oso zail jarriko dizkigute igandean Galen”.
Aurreko jardunaldian galdu arren, txuri-beltzek bide onetik hasi dute liga, eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute: “Une batzuetan Real Union oso ona ikusi dugula uste dut, eta Real Union hori ikustea lortzen badugu, gertu egongo gara; baina aurkari deseroso, gogor eta zaila izango dugu aurrean. Benetako taldeek, porrot baten ondoren, aurrerapauso bat ematen dute”.