Harrespil bat lehengoratu du Jaizkibelen Aranzadik
Berezitasun gisa, bi zutarri bata besteari begira ditu harrespilak eta horiek "giza itxura" dutela azaldu du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Jaizkibel estazio megalitikoa lurpean dauden harrespilez josia dagoela baieztatu du elkarteak ere.
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Jaizkibel estazio megalitikoan, Jaizkibel V izendatutako eremuan harrespil bat aurkitu zuen. 2018 eta 2020 urteen artean indusketa lanak egin zituzten, eta aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hondarribiko Udalaren diru laguntzei esker, lehengoratu egin dute Brontze Aroko Jaizkibel V izeneko harrespila. Gaur egin dute lehengoratutako inguruaren aurkezpena udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak.
Manu Ceberio, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, izan da lanen zuzendaria. Baieztatu du inguru hori “multzo arkeologiko bat” dela, eta denak harrespilak direla. “Gehienak estalita daude, baina azpian altxor asko daude”. Mila modutan deitzen zaie euskaraz garaiko hilobi horiei: harrespilak, baratzeak, mairu baratzak, edota Pirinioetako cromlechak. Harrespilak diren zirkulu horien erdian, pertsonen errautsak botatzen zituzten. “Hil ganbera bat egiten zuten normalean, gorpuzkiak bertan sartzen zituzten, eta inguruan harriz egindako zirkulu bat eratu”.
Normalean hildako pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zutela azaldu du Ceberiok, eta Jaizkibel V inguruan horrelako egitura gehiago daudela nabarmendu du, “oraindik induskatu gabekoak”. Inguruan lanean jarraitzeko asmoa adierazi du zuzendariak, baita gaur aurkeztutako harrespilean ere. “Gaur aurkeztutakoa garaiko giza taldeak eta kultura ezagutzeko garrantzitsuak da”.
Giza itxurako zutarriak
Gaur aurkeztutakoa, duela 2.000 edo 3.000 urteko harlauz harriz osatutako hilobi-zirkulu bat da. Baina, berezitasun bat du: bi zutarri edo menir bata besteari begira ditu. “Normalena da harriz egindako zirkulu batekin topo egitea. Batzuetan daude harri batzuk besteak baino handiagoak direnak, baina hemen bi zutarriak nabarmendu behar dira”.
Ceberiok baieztatu ahal izan du “giza itxura” daukatela, eta hurrengo urratsetako bat interpretazio hori aztertzea litzatekeela aurreratu du. Giza itxura horiek abstraktuak direla zehaztu du, eta bitxikeri moduan gaineratu du Jorge Oteiza eskultorearen lana gogorarazi diotela. “Formak ez dira normalak. Harriak, harlauzak dira, baina harri hauek aukeratu dituzte forma bereziak dituztelako”.
Harrespil horrekin topo egin zutenean, 2018ko indusketa lanetan, harri guztiak lur azpian zeudela azaldu du lanen zuzendariak. “Hemen, orain zutik ikusten ditugun harri hauek lurrean botata zeuden. Bere garaian sakeatu egin zuten, eta harri guztiak jatorrizko tokitik kanpo topatu genituen. Orain berreskuratu egin ditugu, eta egitura ikus daiteke”.
Zutarrietara itzuliz, harri horiek altxatzea “zaila” izan dela oroitu du zuzendariak. “Harri guztien artean bi bloke handi zeuden erorita, baina haien benetako kokapena bertikala zen. Beraz, azken fase honetako gauzarik zailena lauza horiek altxatu eta jatorrizko posizioan jartzea izan da”.
Bi zutarri horiek balio arkitektoniko “interesgarria” dutela gaineratu du zuzendariak, eta horregatik, lantaldean Aranzadiko arkitektoek parte hartu dute ere bai. “Monumentua birgaitzeko diziplina anitzeko talde izan da lanean, Jesus Tapia eta ni neu arkeologoak, Anartz Ormaza eta Iñigo Ibañez arkitektoak, eta aldundiko zaharberritze zerbitzuko teknikariak”. Gainera, Ceberiok nabarmendu du lehengoratze lanetan aritutako gehienak herriko eta inguruko boluntarioak izan direla, eta haiei eskerrak eman dizkie.
Hurrengo urratsak
Giza formako zutarri horiek interpretatzen jarraitu nahi dute, baina, era berean, inguru horretan dauden beste egitura arkeologikoak ikertzen segi nahi du Aranzadik. Orain, Jaizkibel estazio megalitikoaren inguruan ez da deus ikusten, hasieran gaur aurkeztu duten Jaizkibel V egituran bezala. “Badakigu inguruan horrelako harriak daudela, agian ez dira hain altuak, beste modu batean jarrita daude, baina antzeko egiturak daude harri handiekin egindakoak eta altuak”.
Lanean jarraitzeko babesa emateko prest daudela adierazi du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, “bai horrelako lanak ahalbidetzen, eta orokorrean, Jaizkibel mendiak behar duen babesa ematen. Kontziente gara zer-nolako erabilera handia daukan gure mendi honek, Hondarribiak, Lezok eta Pasaiak partekatzen duguna”. Aranzadiri eskerrak ematen, eta etxeko lan asko dituztela esaten amaitu du zinegotziak. “Jaizkibel mendia babestu behar dugu”.