Euskararen transmisioa, plazara
Euskara arloak eta HEZTEN elkarteak 'Familian Ola' eta Haurrak Parkean' doako jarduerak antolatu dituzte Irungo familientzat. Egitasmoaren helburua da familia barruko euskararen transmisioa bultzatzea aire zabaleko doako jarduerak antolatuz.
Irungo Udaleko Euskara arloak eta HEZTEN elkarteak familia barruko euskararen transmisioa bultzatzea helburu duten aire zabaleko doako jarduera programak antolatzen dituzte, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Almudena Grandes plazatxoan Nuria Alzaga Euskara ordezkariak eta Maria Viñas HEZTEN elkarteko ordezkariak. Programa horiek ‘Familian Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’ dute izena, eta euskara hutsean egiten dira.
Euskara arloak nabarmendu du parte hartzeko ez dela nahitaezkoa euskara jakitea, baina izena ematean, gurasoek eta semen-alabek jardueran zehar jarrera parte hartzailea izateko konpromisoa hartu behar dutela zehaztu dute.
Honakoa adierazi du Nuria Alzaga Euskara ordezkariak bi programen inguruan: “Irungo Udalean euskararen erabilera familian sustatzeko lan egiten dugu, ekimenak eginez; hala nola, ‘Familian Ola’ eta ‘Haurrak Parkean’. Ekimen horiei esker, gurasoek eta haurrek familiarekin gozatu ahal izango dute, aire zabalean eta euskaraz jarduerak eginez”.
‘Familia Ola’
Programa horren helburua da euskararen erabilera normalizatzea leku ohiko eta formalagoetatik kanpo; esaterako, eskolatik kanpo. ‘Familian Ola’ programan familia euskaldunei edo euskararen erabilera sustatu nahi dutenei zuzendutako aisialdia jarduerak egingo dira.
Hona hemen azarorako programatu diren jarduerak:
- Musika tailerra:
- Data: Azaroak 14 eta 16.
- Ordua: 17:30etik 19:00etara.
- Ginkana:
- Data: Azaroak 21 eta 23.
- Ordua: 17:30etik 19:00etara.
- Irteera Oiartzungo Soinueneara:
- Data eta ordua zehazteke.
‘Familian Ola’ programako jardueretan parte hartu nahi dutenek hilaren 23tik 31ra eman behar dute izena udalaren webgunean. Izena ematen dute pertsonen arabera, tailerra egun bakarrekoa edo bi egunekoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Hala ere, gehienez 30 lagunek har dezakete parte egun bakoitzean.
‘Haurrak Parkean’
Programa horrek Irungo familientzako baliabideak jartzen ditu herriko auzoetan eta jolasguneetan euskaraz jolasteko. Elkartzen diren haurren adinaren arabera, bi talde osatzen dituztela jakinarazi dute. Alde batetik, 3 eta 5 urte bitarteko haurrekin eta haien zaintzaileekin jolasak egiten dira, familiako hizkuntza transmisioa eta denbora librea konbinatuz. Bestetik, 6 eta 9 urte bitarteko haurrekin lagunen artean egiten da jarduera, bi hezitzaile bertan direla.
Honakoa da jardueren egutegia:
- Hilak 11, 18 eta 25 (asteazkenak):
- Zabu-zibu: 3-5 urte, helduekin. Nagore Laffage parkean (Toki Alai ikastetxea, Alzukaitz kalea).
- Txirrintxon: 6-9 urte. Partxis parkean (Olaketa kalea).
- Hilak 6, 20 eta 27 eta azaroak 3 (ostiralak):
- Zabu-zibu: 3-5 urte, helduekin. Arbium plazatxoko pilotalekuan (Katea).
- Txirrintxon: 6-9 urte. San Juan plazan (euria egiten badu, udaletxeko arkupetan egingo dira jarduerak).