Irungo ikasleek Eskola Agenda 2030 egitasmoaren bidean jarraituko dute
Irungo zazpi ikastetxek esku-hartze plan bat diseinatu eta garatuko dute, elkarlanean. Aurten Garapen Jasangarrirako Helburuetatik zazpigarrena jorratuko dute ikasleek: energia eskuragarria eta ez kutsatzailea.
Irungo ikastetxeek Eskola Agenda 2030 egitasmoarekin lanean jarraituko dute aurtengo ikasturtean. Iniziatiba 2004-2005 ikasturtean sortu zen, eta bi helburu ditu: ikastetxeetako ikasleen artean jasangarritasun ohiturak sustatzea eta hiria alde horretatik zein egoeratan dagoen aztertzea.
Proiektu horren baitan, hiriko ikastetxeetako ikasleek Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak aztertzen dituzte ikasturtean zehar. Aurten zazpigarren helburua jorratuko dute ikasleek: energia eskuragarria eta ez kutsatzailea.
Iazko ikasturtean egindako diagnostikotik abiatuta, Irungo zazpi ikastetxek esku-hartze plan bat diseinatu eta garatuko dute. Gauzatuko duten proiektua bateratua izango da, ikastetxeetako ikasleen sareko lana sustatu nahi baita. Programako protagonistak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak izango dira.
Garatuko diren ekintzen bidez, adin guztietako ikasleak ahalduntzea lortu nahi dute. Horretarako, aktiboki eta sarean parte hartuko dute. Ikasturtea bukatzean, egindako jarduera eta proiektuak udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete ikasleek.
Honela definitu du Eskola Agenda 2030 proiektuko parte hartzea Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak: “Irungo Udaletik, ingurumen hezkuntza eta sentsibilitatea sustatzeari begira lan egiten dugu, Eskola Agenda 2030 bezalako egitasmoen bidez. Oraingo honetan, energia eskuragarria eta ez kutsatzailea izango da ardatza, eta Irungo ikasleek etorkizun jasangarria eraikitzeko behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak ulertzea ahalbidetuko du”.