Zortzigarren Fenomena jaialdiak dantzan jarriko du Kirol Kaia larunbatean
Chavalan, Tulsa, Dani Llamas, Toc eta Biznaga taldeak igoko dira oholtzara. Aurten, gainera, helburu solidarioa izango du musika hitzorduak.
Larunbatean (hilak 7) Hondarribiko Kirol Kaian Fenomena jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo dute. Aurten, gainera, helburu solidarioa izango du musika hitzorduak, izan ere, esklerosi anikoitzaren kontra lan egiten duen ELA Gipuzkoa elkarteak jasoko ditu irabaziak.
Atzo aurkeztu zuten larunbatekoa, eta bertan nabarmendu zuten “programa zabala eta anitza” izango dela. Bertan izan ziren Ortzi Alonso eta Estitxu Urtizberea zinegotziak, eta Fenomena Kultur Elkarteko Ernesto Villar, Javier Vitoria eta Oscar Marcos.
Alonsoren arabera, larunbatekoa “berezia” izango da, “parte hartzen duten artistengatik”. Vitoriak udalari eta babesleei eskerrak eman dizkie, “guregan jartzen duten konfiantzagatik”. Villarek jaialdiaren ezaugarriak aipatu ditu: “soinu garbia eta dena xehetasunez zainduta”.
Aurreko urteetan bezala, “sorkuntza prozesu betean dauden artistak” bilatzen ditu Fenomenak, eta aurtengo ediziorako bost talde hautatu dituzte: Chavalan, Tulsa, Dani Llamas, Toc eta Biznaga. Hurrenkera horretan igoko dira Kirol Kaiko oholtzara, 17:00etan hasita. 23:00etan abiatuko dute azken kontzertua.