Eguzki talde ekologistak hiru alegazio aurkeztu dizkio HAPOri
Ingurumenarekin lotutako hiru alegazio sartu berri ditu talde ekologistak. Alegazioak aurkezteko epea luzatzeko erabakia txalotu dute, udal gobernu berriak "bitartekoak eskaini baititu dokumentua hobeto ulertzeko".
Eguzki talde ekologistak ere alegazioak aurkeztu dizkio Hondarribiko Hiri Antolamendurako Planaren (HAPO) hasierako onespen dokumentuari, hala jakinarazi berri du taldeak. Sartu berri dituzten hiru alegazio horiek ingurumenarekin lotutakoak dira. Alegazioak aurkezteko epea luzatzeko erabakia txalotu dute, udal gobernu berriak “bitartekoak eskaini baititu dokumentua hobeto ulertzeko”, eta hortaz, “erakutsitako jarrera txalotu” dute.
Lehen alegazioa korridore ekologikoaren du zerikusia. Onartutako dokumentuan dagoen dokumentazioa aztertu ondoren, bi eskaera egin dituzte, ondorengoak: korridoreari eta bere moteltze guneari ahalik eta azalera gehien ematea eta GI-636 errepidea nola igarotzen duen planoetan argi azaltzea.
Bigarren alegazioan EAJren udal gobernuak onartutako dokumentuan aurreikusten den bidegorriaren proiektuari bi eskaera erantsi dizkiote. Honetan, KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBEB (Hegaztiak Babesteko Eremu Berezia) guneen eremu sentsibleetatik trazadura ekiditea eskatu dute, baita Gipuzkoako Bizikleta planaren ardatz nagusiarekin bat egiten duen zatiaren zabalera handitzea ere.
Azkenik, HAPOn “klima aldaketak itzulera aldietan duen eragina kontuan har dadila” eskatu dute, “eta eguneratuta eta bizi dugun errealitate berrira egokituta egon daitezela”. Horretarako aukerarik ez badago, “erantzukizunari eusteko eta prebentzioa lehenesteko” eskatu dute, eta ondorioz, uholde arriskua dagoen eremuetan eraikuntza proiekturik ez egitea.