Donostia Ospitalera joateko autobus berria izango dute hondarribiarrek
BI06 izena izango du zerbitzu berriak. Sabino Arana geltokian hasiko du bidea autobusak, eta Irungo erdigunetik pasa ondoren, AP-8tik abiatuko da Donostiara.
Hondarribiak autobus zerbitzu berria izango du aurki. PSE-EE taldeak hedabideei bidalitako ohar batean azaldu duenez, herria Donostia Ospitalearekin, Onkologikoarekin eta Poliklinikarekin lotuko dituen autobus berria izango dute erabilgarri herritarrek. BI06 izena izango du zerbitzu berriak, eta oraindik ez dute jakinarazi noiz izango den martxan.
Hondarribiko Sabino Arana geltokian hasiko du bidea autobusak, eta N-638 errepidetik aterako da herritik, Amute eta Mendelun geltoki bana egiteko. Irunera abiatuko da autobusa gero, Hondarribia kaletik Colon pasealekuraino. Gipuzkoa Etorbidetik Elizatxo Etorbidera joango da, gero AP-8an sartzeko. Loiolako Erriberetatik sartuko da Donostian, Anoetako estadiotik pasa ondoren, ospitalera joateko. Ibilbide osoa egiteko 45 minutu inguru beharko ditu autobusak, eta oraindik ez dute ordutegirik zehaztu.
PSE-EE taldeko Noemi Odriozolarentzat “albiste ona” da, “hondarribiar askoren mugikortasuna erraztuko baitu, autobus aldaketarik egin gabe, eta auto pribatu batera jo behar izan gabe, ospitalean sortzen den aparkaleku arazoekin gainera”.