Mugaz Gaindiko Partzuergoak kontseilu nagusia berritu du
Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak presidente karguan jarraituko du. Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea lehenengo eta bigarren lehendakariorde izendatu dituzte, hurrenez hurren.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak kontseilu nagusi berria eratu du. Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak partzuergoko presidente izaten jarraituko du. Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea lehenengo eta bigarren lehendakariorde izendatu dituzte, hurrenez hurren.
Irungo eta Hondarribiko Udalek euren ordezkariak izendatu dituzte maiatzaren 28ko hauteskundeetatik sortutako udal berriak eratu ondoren. Irundik Jose Antonio Santano, Urkiri Salaberria eta Ane Unanue izango dira ordezkariak. Hondarribitik, aldiz, Igor Enparan, Gonzalo Carrion eta Noemi Odriozola izango dira partzuergoko kide. Hendaiako ordezkariak ez dira aldatuko, Kotte Ezenarrok, Richard Irazustak eta Itziar Aizpuruk beren postuak mantenduko baitituzte.
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko karguak ere izendatu dira, Irungo eta Hondarribiko udalerrien ordezkari gisa. Miguel Angel Paez izendatu dute Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari, Estitxu Urtizberea eta Ricard Irazustarekin batera. Idazkaria Gracy Pradier-Guldner izango da, Arnaud Mandamentek erretiroa hartu baitu. Batzordeak idazkari gisa egindako ekarpena eta lana aitortu eta eskertu dizkio Mandamenti.
Zuzendaritza Batzordearen egitekoak honakoak dira: partzuergoaren eskumen eremuan proposamen berriak edo partzuergoarentzat interesgarriak diren kanpo erakundeetatik datozen proiektuak garatu, sustatu eta aztertu beharreko lana udalekin koordinatzea, eta partzuergoko lehendakariari eta kontseilu nagusiari proiektuen eta jardueren proposamenak helaraztea, horiek onar ditzaten.
Bidasoa Bizirik-ek partzuergoaren jarduera bere osotasunean kudeatzen jarraituko du. Partzuergoko organo erabakitzaileek hartutako erabakiak betearazteaz eta bere jarduera dinamizatzeaz arduratzen da, proiektuak bultzatuz eta jarduteko irizpideak proposatuz.