Emakumeen kirolak Zabaltza plaza hartuko du igandean
Igandero egitasmoaren baitan, udalak eta Parean Elkarteak Igande Sasoi topaketa antolatu dute igande honetarako, 10:00etatik 13:30era. Helburua da emakumeen kirola sustatzea.
Irungo Udalak sustatzen duen Igandero egitasmoa bueltan da. Igande honetan, hilak 8, geldialdia egingo du Zabaltza plazan, 10:00etatik 13:30era, eta saioa emakumeen kirolari eskainiko zaio. Igande Sasoi izeneko topaketa udalak eta Parean Elkarteak antolatu dute, eta gaur goizean aurkeztu dituzte egitasmoaren nondik-norakoak Zabaltza plazan.
Emakumeen kirola ardatz izango duen kirol topaketaren helburua emakumeen kirola sustatzea da, hainbat jarduera eginez, emakume gazte eta helduek kirol jarduerez goza dezaten. Igande Sasoien tokiko hainbat klubek parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Honela definitu du topaketa Borja Olazabal Kirol ordezkariak: “Datuen arabera, urteak igaro ahala, jarduera fisikoaren abandonu tasa handiagoa da emakumetan gizonetan baino. Horregatik, emakumeen kirola bultzatzeko, egitasmo honen bidez, kirol jardueren eskaintza zabal eta erakargarria jartzen dugu neskatxa eta emakume heldu guztien eskura, horrela kirol jarduerak zuzenean ezagutu eta kirolaren onurez goza dezaten”.
Kirol elkarteen gida
Parean Elkartea, hainbat azterlan eta proiektuen bidez, “emakumeen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeaz” arduratzen da. Horren harira, Parean-ek gida bat osatu du hiriko kirol klubek emakumeei zuzendutako kirol eskaintza guztia biltzen duena. Orain arte, klub hauek izan dira egitasmoarekin bat egin dutenak: Bidasoa Irun, Santiagotarrak, Txingudi Errugbi Taldea, Mariño Real Union, Erroibide, Urgara Waterpolo Taldea, Atxiki pilota eskola, BAT, Mayumi judo eta bolei, Xake Bidasoa, Lotzen, Leka Enea mahai tenisa, Irungo Txirrindulari Elkartea, Surf Teknika, Lur Alai Squash Kluba eta Miren Gomez dantza estudioa.
Parean Elkartetik gogorarazi dute gida hori zabalik dagoela emakumeentzako kirol jarduerak eskaintzen dituzten kluben katalogoan sartu nahi duten klub guztientzat.
Igandeko programazioari dagokionean, Kirol arloak jakinarazi du ordu erdiero jarduera nagusi bat egongo dela; hala nola, atletismoko entrenamendu bat BATen eskutik, defentsa pertsonaleko hastapen bat Mayumiren eskutik, skate-surf klase bat, errugbiko hastapen bat edota jende orori irekia egongo den fit balleteko erakustaldi bat.
Trafiko mozketak
Kolon eta Gipuzkoa hiribideetan zirkulazioa moztuko dela adierazi du udalak. Inguruko eremuak ere ukituko ditu. Horrez gain, hiriko autobus lineetan ere aldaketak egingo dira.