Aurtengo Vila Bira martxa zikloturistan, berritasunak
Aurten, lehenengoz, Ipar Euskal Herrira sartuko da Patxi Vilaren omenezko martxa. Urriaren 15ean izango da martxa, Hondarribitik abiatuko dira 600 txirrindulari inguru.
Berritasunekin dator aurtengo Vila Bira, zenbait aldaketa izango ditu Patxi Vila txirrindulari bidasoarraren ibilbide profesionala omentzen duen martxa zikloturistak. Aurtengo edizioaren gaineko xehetasunak eman dituzte gaur Hondarribiko hondartzan egindako agerraldian. Bertan izan dira, besteak beste, Patxi Villa bera, Lupe Queiruga Kirol zinegotzia eta Marta Pastor aldundiko Kirol zuzendaria. Urriaren 15ean izango dute hitzordua txirrindulariek, eta dagoeneko 400dik gora lagunek izena eman dute. Gehienez 600 lagunek ahalko dute parte hartu.
Lehenik eta behin, aurtengo edizioan aldaketa bat izango da ibilbidean aldaketa bat izango dela jakinarazi dute, “ibilbidea samurtu” nahi izan baitute, “eskuragarriagoa” izan dadin partaideentzat. Horrez gain, lehenengoz Ipar Euskal Herrira abiatuko da tropela, Beratik Sarara hain zuzen. “Ipar Euskal Herriari keinu bat egin nahi izan diogu aurten, Ipar eta Hego Euskal Herria elkartuz, zubiak eraikiz”, esan du Vilak.
Hondarribitik abiatuko dira txirrindulariak eta herrian izango dituzte azken kilometroak, Jaizkibelen hain zuzen. Orotara, 115 kilometroko bidea egingo dute, 2.200 metroko desnibelarekin. 8:15ean abiatuko da tropela.
Aurtengo edizioan ere Aldundiaren Emakumeak Mugimenduan inklusio programarekin bat egin du Vila Birak. “Aurtengoa Emakumeok Mugimenduaren hirugarren edizioa da, eta lehen egunetik izen emate guztiak bete dira. Emakumeak kirolean ikusgaitasuna izan dezaten abiatu genuen”, esan du Pastorrek aldundiaren izenean. Lehen kilometroak gidatuko dituzte programako kideek.
Izena eman nahi dutenek lotura honetara jo beharko dute.