Ekhi Lekuona hondarribiarra, munduko txapeldun
Semi-kontaktuko borrokan urrezko domina irabazi du gazteak, Tunisian jokatutako munduko txapelketan. Maiana Lekuonak eta Ane Amunarrizek ere maila eman dute.
Albiste oso onak heldu dira herrira asteburu honetan, Tunisiatik hain zuzen ere. Bertan izan baitira asteburu honetan Washiken kenpo kai klubeko kirolariak. Ekhi Lekuona, Maiana Lekuona eta Ane Amunarrizek ordezkatu dute herria munduko txapelketan, oso fin aritu da hirukotea.
Bereziki fin aritu dena Ekhi Lekuona izan da, 18 urtetik gorako gizonezkoetan munduko txapeldun izendatu baitute, semi-kontaktuko borrokan hain zuzen. Urrezko dominarekin itzuli da herrira. Klubeko iturrien arabera, arnasa hartzeko arazoekin izan da gaztea, baina egoerari bira eman eta sekulako maila emateko gai izan da.
Haren arreba Maiana Lekuonak eta Ane Amunarrizek ere harro egoteko moduko lehiaketa jokatu dute, maila erakutsi dute biek. Lan bikaina egin badute ere, ez dira gai izan dominarik eskuratzeko. Hurrengora begira daude biak jada.