Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuaren V. Udal Plana onartu du udalbatzak
Atzoko osoko bilkuran onartu zuten plana, aho batez. Hondarribia tenkatutako bizitegi eremua izendatzeko mozioa onartu zuten, besteak beste.
Ohiko Osoko bilkura egin zuten atzo Hondarribiko udaletxean. 9 puntuko saio honetan, besteak beste, Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuaren Hondarribiko V. Udal Plana onartu zuten. Talde guztiek aldeko botoa eman zuten, aho batez onartuz. “2009tik iraungita dagoen zerbitzua da eta denon artean lan egingo dugu lizitazioa ahal den azkarren egiteko eta lehiaketa egiteko”, esan zuen Lupe Queiruga zinegotziak.
Bigarrenik, Hondarribia tenkatutako bizitegi eremua izendatzeko Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EE taldek aurkeztutako mozioari ere argi berdea eman zioten. EAJk abstentziora jo zuen, baina hiru taldeen aldeko botoekin, aurrera atera zen. Adostu dutena, zehazki, honakoa da: “behar den informazioa biltzea tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko 12/2023 Etxebizitza eskubideak Legeko 18.2 artikuluan jasotzen den bezala eta izendapena juridikoki bermatzea”; eta “herriak 12/2023 Etxebizitza eskubiderako Legean aipatutako baldintzak betez gero, udalak jaurlaritzari tenkatutako eremu izendatzea eskatzea”.
Euskararen kontrako oldarraldiaren aurka eta “euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde” egindako mozioa ere onartu zuten, Abotsanitz, EAJ eta EH Bilduk batera aurkeztutakoa. Hala, azaroaren 4an Bilbon Kontseiluak egingo duen manifestazioan udaleko ordezkaritza bat izango da.
PSE-EEk Pedro Muguruzaren plaka zaharberritu eta erretiratzeko egindako mozioak ez zuen nahikoa babes jaso, soilik sozialistek eta jeltzaleek eman zuten aldeko botoa. Hortaz, ez zen onartu. Sozialistek ere aurkeztutako hurrengo mozioa, onartu ez bazen ere, gaiaz lasaiago aritzeko hilabeteko atzerapenarekin lantzea erabaki zuten. Hain zuzen, urriaren 31a 1936ko gerraren eta frankismoaren biktimak oroitzeko mozioa izan zen hori, azaroko plenoan eztabaidatuko dutena.