Guztion Alardeak sinadura bilketari bukaera emango dio bihar
Sinatzeko azken eguna izango da biharkoa, San Pedro kalean izango dira taldeko kideak, goizez. Datorren ostiralean, berriz, bilketaren aurkezpen publikoa egingo dute.
Guztion Alardea taldeak sinadura bilketari azken bultzadatxoa emango dio bihar (larunbata, hilak 30), sinatzeko azken eguna izango baita. San Pedro kalean izango dira taldekoak (Zeria jatetxearen parean), 10:00etatik 14:00etara.
Sinadura bilketa bukatutzat eman ondoren, datorren ostiralean (urriak 6) bildutakoa publiko egingo dute, udaletxeko arkupetan egingo duten “konponbidearen aldeko” ekitaldian (19:00etan elkartuko dira).
“Gatazka luze honek eragindako minaz nekatuta bazaude, emakume eta gizonen arteko berdintasunean sinisten baduzu, zure alabak zure semearen oinarrizko eskubide berdinak dituela pentsatzen baduzu, Alardea hondarribiar guztion ondarea dela uste baduzu, eta mendeetan zehar gertatu bezala, irailaren 8a herritar guztiok batera bizitzeko ospakizuna dela uste baduzu, orain da momentua, etorri konponbidearen alde egingo dugun ekitaldira”, diote taldekoek.