[Erreportajea] Herriko bazter ilunak argituko dituzte, elkarlanean
Herriko puntu ilunak identifikatu eta horiek argitzeko proiektu berri bat abiatu du Emeki Emakume Elkarteak. Galdetegi bat zabaldu dute, «iradokizunak eta esperientziak partekatu ditzaten hondarribiarrek».
Hondarribia herri seguruagoa izan dadin lanean jarraitzen du Emeki Emakume Elkarteak. HONDargia, Hondarribiko bazterrak argituz, denok seguru senti gaitezen izeneko proiektua abiatu berri dute, elkarteko presidente Tamara Sastreren arabera, «pertsona guztien segurtasuna eta bereziki emakumeena arriskuan jar dezaketen herriko zonaldeak identifikatzeko» asmoz.
Proiektu horrekin 2012an hasitako bide bati jarraipena emango diotela kontatu du elkarteko kide Tzane Carrillok: «2012an herriko zonalde seguru eta ez seguruak identifikatzen hasi ginen, baina ez zen ezer egin udaletik. 30 puntu ilunetik gora daude egun Hondarribian, eta gero eta gehiago direla ikusita, denon artean horiek identifikatu eta konpontzea beharrezkoa ikusi dugu».
Puntu horiek behar bezala identifikatu ahal izateko herritarren laguntza «funtsezkoa» izango dela diote. Horretarako, webgune bat sortu dute (egin klik hemen), bertan ideiak, iradokizunak eta esperientziak parteka ditzaten hondarribiarrek, «elkarlanean» egin nahi baitute proiektua.
Elkartearentzat «proiektu oso garrantzitsua» izango dela aitortu du Carrillok, eta emaitzak emango dituela ziur da: «Herriko hainbat eremu nabarmen hobetuko dira, eta uste dugu herritarrok dugun segurtasun sentsazioa areagotuko dela».
Herritarren iritzia jaso ondoren, «txosten sakon bat» egingo dute Emekiko kideek, ondoren, udalari helaraztekoa. «Guk ez ditugu konponbideak emango, arazoak non dauden aztertuko dugu, hori izango da gure eta herritarren lana». Txosten hori herriko hiru ikastetxeetan probestuko dutela nabarmendu du Carrillok, lanketa berezia egingo baitute datozen urteetan: «Uste dugu txikitatik beharrezkoa dela herria guztiona dela ikastea».
Epe luzekoa
Abiatu berri duten proiektuak luze joko duela aitortu du Carrillok: «Uste dugu hau lau urtean ezingo dela osotasunean bete. Landa eremuko auzo asko ditugu: Jaitzubia, Arkolla, Akartegi… Bertako bizilagunek diote puntu ilun asko dagoela. Guk argazki bat aterako dugu, udalak beharrezko lanak egin ditzan.