Udazkena ekitaldiz beterik dator liburutegian
Datozen hiletan askotariko ekitaldi eta ekintza egingo dituzte udal liburutegian. Tailerrak, ipuin kontalari saioak, erakusketak, solasaldiak, hitzaldiak... Denetik izango da.
Hondarribiko Udal Liburutegiaren udazkeneko programazioa aurkeztu dute gaur Igor Enparan alkateak, Ortzi Alonso zinegotziak eta Kote Guevara liburuzainak. Tailerrak, ipuin kontalariak, erakusketak, solasaldiak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak… Aurten ere denetik antolatu dute.
Alonsok, lehenik eta behin, herriko liburutegia “erreferente” dela nabarmendu nahi izan du, “gune erakargarri eta bizia” dela. “Nabarmendu behar dut azkeneko urteetan herriko eragileekin egiten ari den lana”. Erantsi du 2023-2024 ikasturteari begira “bi erronka” nagusi izango dituztela: batetik, liburutegian egiten den lana gainontzeko departamentuetan lantzea, hau da, “lan transbertsal” bat egitea; eta bestetik, liburutegia auzoetara nola eraman aztertuko dute.
Guevarak Maite Gonzalezen lana txalotu eta eskertu nahi izan du, literatur tailerren gidaritza utziko baitu urte luzeren ondoren. “Aitzindaria izan zen, berak proposatu zuen lehen literatur tailerra. Hasierak ez ziren errazak izan baina jarduera kontsolidatua izatea lortu zuen”.
Aurreikusitako ekintza eta ekitaldiak hemen kontsulta daitezke. Informazio gehiago jaso nahi dutenek, 943 11 12 86 zenbakira hots egin dezaket, edo bestela, helbide honetara idatzi.