Txingudi Korrikak trafiko aldaketak ekarriko ditu larunbatean
Atletismo probak Irun gurutzatuko du, eta trafiko aldaketak ekarriko ditu hirira, 15:55etik 17:15era. Denbora horretan Irungo sarbideak itxita egongo dira ibilgailuentzat.
Larunbat honetan Txingudi Korrika 10k lasterketaren XXIV. ekitaldia lehiatuko da Hendaia eta Hondarribia artean. Lasterkariek 10 kilometroko ibilbideari egingo diote aurre, eta 16:30ean irtengo dira Hendaiako Florida kaitik.
Atletismo probak Irun gurutzatuko du, eta trafiko aldaketak ekarriko ditu hirira, 15:55etik 17:15era. Denbora horretan Irungo sarbideak itxita egongo dira ibilgailuentzat, eta eragin nabarmenenak Iparralde hiribidean, Kolon hiribidean, Gipuzkoa hiribidean eta Hondarribia kalean nabarituko direla aurreratu du Irungo Udalak.
Mendibileko auzotarrek Eloy Iglesias, Nicolas Gurerendiain eta Policarpo Balzola edo Juan de Albisu kaleetatik sartu beharko dira auzora. Zabaltza plazara eta Cipriano Larrañagara sartzeko, aldiz, txandaka ibili beharko dira gidariak. Irteteko, berriz, Argentinako Errepublika edo Maritxu Anatol kaleetatik jo beharko dute Iparralde hiribiderantz.
Egoiliarrak erdigunera Gipuzkoa hiribidea-Luis Marianotik sartu ahalko dira, kontrako noranzkoan, edo Nafarroa hiribidea-Berrotaranetik.
Autobusak
Autobusak errei bakarrean bi norakoetan ibili ahal izango dira, txandaka, Txanaleta eta Iparralde hiribidearen artean. Kolon hiribidera joateko, Anaka kaletik jo beharko dute autobusek.
Renfeko geltokira joateko, aldiz, Anaka kalea erabili beharko da, hirian sartzeko eta hiritik irteteko. Bide horiek erabili behar dituzten ibilgailuen gidariek bidegurutzeak arautzen dituzten agenteen esanak errespetatu beharko dituzte.
San Juaneko aparkalekuari dagokionean, Prudencia Arbide kaleko eta Nafarroa hiribideko sarbideak sartzeko eta irteteko erabili ahalko dira. Koloneko aparkalekua, berriz, oso mugatua egongo da, Olibondoen kalea moztuko baita. Agirretxe plazatxoko sarbidea libre egongo da. Barruko joan-etorrietarako ingurabidea erabiltzea gomendatu du udalak.