Mintzalaguna programaren ikasturte berria, hastear
Hamaikagarren ikasturtean izena eman daiteke jada. "Euskaraz hitz egiteaz gain, harreman pertsonalak sendotzea" izango dute helburu.
Mintzalaguna egitasmoa ikasturte berrirako prest da. Aurtengoan parte hartzeko kanpaina abiarazi berri dute, gaur egin dute aurkezpen ofiziala Gipuzkoa plazan Igor Enparan alkateak, Ortzi Alonso Euskara zinegotziak, Karmelo Goikoetxea udal euskara teknikariak eta Mertxe Gerriko Mintzalaguna-ko koordinatzaileak.
“Hondarribiko Udala erabat konprometituta dago euskararen ezagutza eta erabilera indartzearekin, eta hala, hamaikagarren ikasturtez Mintzalaguna programa abian da. Helburua da herritarrak modu erosoan eta lagunartekoan elkartu eta euskaraz aritzeko aukera izatea, talde desberdinetan banatzen dira, iaz 14 izan zirelarik. Euskaraz hitz egiteaz gain, harreman pertsonalak sendotzea ere helburu bilakatzen da”, esan du alkateak.
Programak herrian “euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen” dituela gaineratu dute gaurko aurkezpenean, “euskaraz bizi nahi duten herritarrak elkartuz”. Egitasmoa indartzeak, beraz, euskararen kale erabileraren datuetan eragiteko “lagungarri” izango dela.
Denek izango dute txoko bat: “Euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin nahi dutenak, herria euskaldunago bihurtu nahi dutenak, beste guraso batzuekin euskaraz aritzeko gogoa dutenak, besteei euskaraz bizitzen lagundu nahi dionak, ondo pasa nahi duenak, etxeko eta familiako hizkuntza ohituretan eragin nahi duenak”. Soilik astean ordubetez elkartzeko konpromisoa eskatu diete hondarribiarrei.
Izena emateko interesa dutenek helbide honetara idatzi edota esteka honetan apuntatu beharko dira. Bestela, 688 86 53 98 edo 943 11 12 24 telefono zenbakietara hots egin daiteke.