Guztion Alardeak "konponbidearen aldeko ekitaldia" egingo du urriaren 6an
Joan den uztailean abiatutako sinadura bilketaren emaitza publiko egingo dute hurrengo ostiralean. Udaletxeko arkupetan bilduko dira, "konponbideari behar duen bultzada" emateko.
Guztion Alardea taldeak datorren urriaren 6an (ostirala da) egingo duen “konponbidearen aldeko ekitaldira” gonbidatu ditu hondarribiarrak. Aurten emakumeek Alardean parte hartzeko lehen eskaera egin zutenetik 30 urte betetzen dira, eta “tamalez”, ordutik jaio direnek belaunaldiek ezin izan dutela “alarde bat bakean, alarde bat batera bizi ahal izan” diote, atsekabez.
Horregatik sinadura bilketa bat abiatu dute aurten (uztailean ekin zioten), eta urriaren 6ko saioan aurkeztuko dituzte. Udaletxeko arkupetan bilduko dira (19:00etan), “konponbideari behar duen bultzada” emateko.
“Gatazka luze honek eragindako minaz nekatuta bazaude, emakume eta gizonen arteko berdintasunean sinisten baduzu, zure alabak zure semearen oinarrizko eskubide berdinak dituela pentsatzen baduzu, Alardea hondarribiar guztion ondarea dela uste baduzu, eta mendeetan zehar gertatu bezala, irailaren 8a herritar guztiok batera bizitzeko ospakizuna dela uste baduzu, orain da momentua, etorri konponbidearen alde egingo dugun ekitaldira”, erantsi dute taldekoek.