Irungo historiarekin lotutako lau artikulu berri
Bidasoko Ikaskuntzen Aldizkariko Ikerlanaren 31. edizioa da kaleratu duena Luis de Uranzu Kultur Taldeak.
Luis de Uranzu Kultur Taldeak (LUKT) Bidasoko Ikaskuntzen Aldizkariko Ikerlanak bildumaren ale berri bat kaleratu du, udaleko Kultura sailak babestuta. 31. edizio honetan lau artikulu bildu dituzte eta, orotara, 476 orrialde ditu aldizkariak.
Ez dute gai bakar bat landu eta lau artikulu luzeetan Irungo historiari lotutako gai ezberdinak jorratu dituzte. Horien egileak izan dira Maria Dolores Fernandez de Casadevante Romani eta Ramon Guirao irundarrak eta Juan Carlos Jimenez de Aberasturi eta Mikel Zabaleta errenteriarrak.
Nuria Altzaga Kultura zinegotzia aurkezpenean izan da eta argitalpen hau “hiriko historia aztertzeko erreferentzia berri bat” dela. Segidan, tokiko gaiekin lotutako ikerketa sustatzen jarraituko dutela adierazi du Altzagak, “seguru nago interes handikoa izango dela hala herritarrentzat nola aurrerantzean kontu horiek jorratu nahi dituzten ikerlari guztientzat”.
Liburua koloretan inprimatu dute eta jada salgai dago 28 euroan hiriko liburu dendetan eta kioskoetan. LUKTeko bazkideentzako prezioa 23 eurokoa da.
Aldizkaria
Aitzinsolasa Jose Monjek idatzi du, LUKT elkarteko kideak eta Oroitzapen izena du. Gainontzeko lau artikuluak honako hauek dira: Italia faxistaren ordezkaritza kontsularra euskal kostaldean, okupazio alemanaren garaian, Juan Carlos Jimenezena.
Eskertzazko sermoi panegirikoa, Irungo unibertsitate noble eta leialean predikatutakoa, Junkaleko ama birjin santuari eskerrak emateko, jurisdikzio arrunta jasotzearen faboreagatik, Hondarribiko hiri ausartetik bereizita, Martin de Ariztimuño frantziskotarrak emana. Egilea, Maria Dolores Fernandez de Casadevante.
Bozketak Irunen Errestaurazioan. Udal hauteskundeak eta boto ematea (1876-1923). Egilea Mikel Zabaleta izan da.
Behobiako gotorlekuaren defentsa eta Irun eta Hondarribiaren konkista liberalen aldetik, lehen karlistaldian, garaiko prentsaren arabera. 1835eko ekaina-1837ko maiatza. Ramon Guirao izan da egilea.