Gipuzkoako Orientazio Ligako 5. proba, Aiako Harrian
Orientazio proba igandean lehiatuko da, Erlaitz inguruan. Lehiaketa zentroa 09:30ean irekiko da, eta lehen irteerak 10:00etan izango dira. Izen-emateak ostegunean itxiko dituzte, 22:00etan.
Aiako Harria Parke Naturaleko Erlaitz inguruak Gipuzkoako Orientazio Ligako 5. proba jasoko du igande honetan, urriak 1. Lehiaketa zentroa 09:30ean irekiko da Erlaitzeko aparkalekuan. Probara errepidez irits daitekeela jakinarazi dute antolatzaileek, Irundik edo Oiartzundik. Ibilgailuak uzteko aparkaleku egokienak Gorostardikoa eta Lapurriturrikoa direla zehaztu dute. Horrez gain, ibilgailuak partekatzea gomendatu dute, probaren inguruko eremuetan aparkatzea errazteko eta aparkalekuak ez betetzeko.
Irteerak 10:00etatik 12:00etara izango dira. Irteera horiek mailakatuak izango direla zehaztu dute antolatzaileek, eta minutuero edo bi minutuero gauzatuko dira, pilaketarik gerta ez dadin eta parte hartzaileak hobeto kontrolatzeko. Helmuga, aldiz, 14:30ean itxiko da. Partaide guztiek, gainera, “nahitaez” helmugatik pasa behar dutela adierazi dute antolatzaileek, ziurtatu dezaten ez dagoela inor galduta. Nahiz eta ibilbide osoa ez osatu, denek gurutzatu beharko dute helmuga.
Antolatzaileek hiru ibilbide ondu dituzte, parte hartzaile bakoitzaren mailari egokitutakoak. Ibilbide gorria teknikoa da eta forma maila ona eskatzen du. 5,6 kilometro dauzka. Laranja, berriz, ez da horren teknikoa, baina orientazio ezagutzak eskatzen ditu. 4,3 kilometro dauzka ibilbide horrek. Azkenik, horia hasiberri eta familientzat prestatu dute, eta 1,9 kilometroko ibilbide bat da.
Ibilbide gorria eta laranja pagoz eta gaztainondoz osatutako basoez igaroko dira, aldapa handi eta bide ugarirekin. Bi bide horietarako polainak edo galtza luzeak eramatea gomendatu dute probaren antolatzaileek, landarediagatik, baita linterna bat ere tarte batzuetarako. Horiak, aldiz, desnibel gutxi du eta ez da zailtasun handiko eremuetatik pasatzen.
Orientazio proba Aiako Harria Parke Naturalean egingo da, gune babestu batean, Natura 2000 Sareko Zainketa Bereziko Eremuan. Lehiaketa ingurune natural batean egingo denez, antolatzaileek nabarmendu dute ez dela hornidura gunerik izango. Hori dela eta, partaide bakoitzak bere edaria eramatea gomendatu dute. “Ingurunea errespetatzea gure kirolaren lehentasunezko araua da”, esan dute probaren antolatzaileek.
Izen-emateak hilaren 28ko (osteguna) 22:00etan itxiko dira. Inskripzioak Departicket webgunearen bidez egin behar dira, 7 euroan, eta banaka edo taldeka egin daitezke. Inskripzioaz gain, partaideek pintza alokatu dezakete, eta iparrorratzik ez dutenei bat utziko dietela aurreratu dute antolatzaileek, dituztenak agortu arte. Parte hartzen duten guztiek eman beharko dute izena proban, eta ezingo da lehiaketaren egun berean apuntatu. Harremanetarako posta elektronikoa ahalbidetu dute.