Hirutik hiru etxean
Real Unionek daraman bolada onari jarraipena eman zion atzo Galen Teruel garaituta (3-2). Sailkapeneko bigarren postuan mantendu dira, lidergoan den Nasticetik puntu bakarrera.
Real Unionek daraman bolada onari jarraipena eman zion atzo. Irundarrek 3-2 irabazi zuten Teruelen aurka, eta sailkapeneko bigarren postuan mantendu dira, lidergoan den Tarragonako Nasticetik puntu bakarrera. Bigarren zatiaren hasieran partida maldan gora jarri zitzaien txuri-beltzei, baina markagailua iraultzeko gai izan ziren. Real Unionek bikain hasi du sasoia eta gotorleku bihurtu du Gal. Etxean jokatu dituzten hiru neurketetatik hiruak irabazi dituzte Fran Justoren mutilek.
Partidako lehen zatian aukera gutxi ziren; izan ere, bost golak atsedenalditik bueltan iritsi ziren. Bigarren zatiaren hasieran Real Union izan zen Teruelen area ingurura gerturatu zen lehena Alain Oyarzunen areaz kanpoko jaurtiketa batekin. Saria, baina, aragoitarrek aurkitu zuten, Alastuyk Teruel aurretik jarri baitzuen markagailuan 59. minutuan. Norgehiagoka maldan gora jarri bazitzaien ere, irundarrek azkar erantzun zuten, eta 69. minutuan Solisek berdinketaren gola sartu zuen.
Berdinketaren goletik aurrera, Real Union jaun eta jabe izan zen berdegunean, baita markagailuan ere. Riverok, Escobarri egindako penalti bat sare barrura bidalita, irundarrak aurretik jarri zituen markagailuan 72. minutuan, eta partida bukatzear zegoela, Peru Ruizek, txuri-beltzen hirugarren gola lortu zuen 85. minutuan, aurrelariak ukitu zuen lehen baloian. Aurkariak irundarren aldea murrizteko gai izan ziren, luzapenean 3-2koa lortu baitzuten; baina puntuak etxean gelditu ziren, liga hasiera apartari jarraipena emanez.
Txuri-beltzek erronkaz betetako astea dute orain aurretik. Asteazkenean Federazio Kopako fase nazionaleko final hamaseirenetako partida jokatuko dute Asturiasen Marino de Luancoren kontra, 20:00etan. Igandean, aldiz, ligako seigarren jardunaldiko neurketa jokatuko dute Salamancan, Unionistas Salamancaren aurka, 16:00etan.