Gazteek osasun mentalari buruz duten ezagutza ikertu dute Gazteartean bekarekin
Ondorio nagusien artean, konfiantzazko espazioak sortzeko beharra nabarmendu dute. Gazteek, gainera, ikastetxe edota gaztelekuetan osasun mentalean adituak nahi dituzte.
Iazko Gazteartean bekarekin egindako ikerketaren ondorioen berri eman dute gaur azterketa egiten aritu diren Sara Gual soziologoak eta Alicia Herrero gizarte-langileak. Haiekin batera izan da ere Nuria Altzaga Kultura zinegotzia.
Osasun mentala eta gazteek zenbateraino ezagutzen duten izan da ikerlarien ikerketa esparrua. Metodologia mistoa da horretarako baliatu dutena.
Alde kuantitatiboan, inkesten bidez Irungo 15 urtetik 19ra urte bitarteko gazteek osasun mentalari buruz duten pertzepzioa eta ezagutza maila jaso dituzte. Atal horretan, 276 gaztek hartu dute parte eta horiek La Salle ikastetxeko, Mendibil Prestakuntza Zentroko eta Plaiaundi Institutuko ikasleak izan dira.
Azterketa kualitatiboari dagokionez, gaztelekuan egindako eztabaida talde batean oinarritu dira. Horretan 11 gaztek hartu zuten parte eta haiei esker osasun mentalaren gaia zeharka aztertu ahal izan dutela adierazi du udalak, “zer den, nola lagundu pertsona bati mota horretako arazoren bat duenean, edo udalak zer egitea nahiko luketen pertsona horren zaintza sustatzeko”.
Gual eta Herrerok nabarmendu dute ondorioak “berberak” izan direla eta sendotu egiten dutela osasun mentalari buruz dagoen ideia, “alegia oraindik ez dakigula oso ondo horrek zer ekartzen duen, ezta zer larritasun eta garrantzi sozial duen ere”.
Nahasmena dagoela “osasun mental ona zer den edo horri lotutako arrisku portaerak zein diren zehazterakoan” gaineratu dute ikerlariek. Bestalde, adostasuna dagoela osasun mentalean diharduten jarduera eta zerbitzuen ezagutzan diote, eta, horrez gain, horietan parte hartzea sustatzeko informazio zehatzagoa eskatu dela azaldu dute.
Ondorio nagusien artean, bada, konfiantzazko espazioak sortzeko beharra nabarmendu dela diote, “betiere ulertuta gune horiek leku seguruak direla epaituak izan gabe arazo pertsonal eta emozionalak kontatzeko”. Modu berean, osasun mentalean espezializatutako profesionalak espazio propioetan izatea ere galdegin dute, hau da, ikastetxe edo gaztelekuetan. Informazio hitzaldiez gain, gaiaren gaineko tailerrak edota jolas jarduerak proposatu dituzte.
Udalari ere zuzendu zaio ikerketa eta gizarte eta hezkuntza arloak nola esku har dezakeen aipatu dute. Esku hartzeko modua kontuan hartuta, hiru modu bereizi dira: informatzeko eta sustatzeko jarduerak, jarduera ludikoak eta tailerrak, eta jarduera teknologikoak edo teknologia-erabilerakoak.
Tailer horiekin zeharka eta langile espezializatuekin landu nahi dutena da gazteen artean osasun mentalari buruzko sentsibilizazioa, agerikotasuna eta sozializazioa.
Azkenik, 2023ko Gazteartean beka deialdira aurkezteko epea zabaldik dago urriaren 5a arte. Informazio gehiagorako, jo udalaren orrialdera.