Galdu gabe jarraitzen du Bidasoak
Bidasoa Irunek ezin hobe hasi du Asobal Liga, eta ostiralean berriro erakutsi zuten sasoiko daudela Valladolid menpean hartu ondoren (31-27).
Bidasoa Irunek berriro erakutsi du sasoiko hasi duela 2023-2024 denboraldiko Asobal Liga. Irundarrek hirugarren jardunaldia ireki zuten ostiralean Recoletas Atletico Valladoliden aurka eta puntuak Artalekun geratu ziren, bidasoarrek 31-27 irabazi baitzuten. Garaipen horri esker, Bidasoak galdu gabe jarraitzen du, bi garaipen eta berdinketa bat erdietsi baitituzte jokatutako hiru partidetan. Jacobo Cuetararen mutilak bigarren dira sailkapenean Bartzelonatik bi puntura. Hala ere, kataluniarrek gainontzeko taldeek baino norgehiagoka bat gehiago jokatu dute.
Irundarrak ondo kantxaratu ziren, eta hiru goleko abantaila lortu zuten 11. minuturako (9-6). Valladolidek, baina, erakutsi zuen osatu duten liga hasiera bikaina ez dela kasualitatea izan, eta markagailua irauli zuen atsedenaldira aurretik joateko (13-14).
Bigarren zatian markagailua irauli behar zuten bidasoarrek garaipena bere egiteko. Esan eta egin. Artalekun bildu ziren 1.412 zaleen bultzadari esker, Bidasoak partida berdindu zuen (16-16), eta hortik aurrera aurretik izan zen markagailuan uneoro. Pacheco eta Rodrigo Salinasen golei esker, bakoitzak zazpi gol sartuta, eta Harbaoui atezainaren lan onarekin, bidasoarrak aldea handitzen joan ziren, eta 51. minutuan bost goleko abantaila lortu zuten (26-21). Partida bide beretik bukatu zuten irundarrek Artalekun bildu zirenen gozamenerako, puntuak etxean utziz (31-27).
Asobal Ligako laugarren jardunaldiko norgehiagoka Errioxan jokatuko du Bidasoak, BM Logroñoren aurka, larunbatean, 19:00etan.