Justo: "Gure onena ematea eskatuko digun taldea da Teruel"
Real Union daraman bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da igandean. Txuri-beltzek ligako bosgarren jardunaldiko partida jokatuko dute Galen Teruelen aurka, 12:00etan.
Real Union daraman bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da igandean. Txuri-beltzek ligako bosgarren jardunaldiko partida jokatuko dute Galen Teruelen aurka, 12:00etan. Irundarrak sailkapeneko bigarren postuan dira bederatzi punturekin, eta lidergoan den Tarragonako Nasticek baino puntu bat gutxiago dute. Aragoitarrak, aldiz, jaitsiera postuetan dira bi punturekin, eta premiazkoa dute sasoiko lehen garaipena lortzea daramaten bolada txarra iraultzeko.
Teruelen liga hasiera onena izan ez arren, “gustatzen” zaion taldea dela esan du Fran Justo prestatzaileak: “Egutegi oso gogorrarekin ekin diote. Anxo Carro [Lugo] eta Riazor [Deportivo] bisitatu ditu eta etxean Reala B eta Tarragonako Nastic hartu. Zoragarri lehiatu dira, beti partiden barruan egonda. Niri gustatzen zaidan taldea da, gauzak ondo egiten dituena, oso solidarioa, defentsan oso ondo landutakoa. Gure onena ematea eskatuko digun taldea da”.
Real Unionek liga hasiera bikaina osatu du, eta Justok bide horretan jarraitu nahi du: “Garrantzitsua da ondo hastea, eta jokoan sentsazio onak izateaz gain, emaitzak lortzea, horrek lanean jarraitzeko lasaitasuna eta konfiantza ematen baitizu. Garrantzitsua da garaipenek ondo egiten ari ez garen eta hobetu behar ditugun gauzei fokua ez kentzea. Horietatik ere ikaskuntzak atera behar ditugu. Eta, jakina, ondo egiten ari garenak ere indartu, hainbat baitira”.
Entrenatzaileek sarritan diote Lehen Federazioa bezalako mailetan “berdintasuna” nagusi dela. Justo ildo horretatik mintzatu da, eta onartu du mailari “errespetu handia” diotela. Hala ere, prestatzaile galiziarrak esan du Real Union edonorekin lehiatzeko gai dela: “Mailari errespetu handia diogu. badakigu lau partidako tarteak izan ditzakegula irabazi gabe, dena oso berdinduta baitago. Baina taldeak erakutsi duena da lehiatzeko gai dela, puntuetatik eta garaipenetik gertu egoteko gai dela”.