Juan Maria Ruizek irabazi du Adour-Bidasoa pintura lehiaketa
Artista nafarraren 'Hasiera txarra' artelana izan da lehiaketara aurkeztu diren 64 obretan onena. Artelan horietatik 33 hautatu dituzte erakusketa bat osatzeko. Hilaren 29tik urriaren 22ra arte bisitatu ahal izango da, Amaia KZn.
Irungo Udaleko Kultura arloak 2023ko Adour-Bidasoa pintura lehiaketako irabazleak iragarri ditu, eta XXXII. ekitaldiko garailea Juan Maria Ruiz Sukilbide artista nafarra izan da, Hasiera txarra lanarekin. Aurtengo lehiaketara 64 artelan aurkeztu dira, eta horietatik 33 hautatu dituzte erakusketa bat osatzeko. Artelan horiek hilaren 29tik urriaren 22ra arte bisita daitezke Amaia KZn.
Juan Maria Ruizek 2.500 euroko saria lortu du Adour-Bidasoa pintura lehiaketan gailentzeagatik. Horrez gain, Hasiera txarra artelana udal bilduman sartuko dela jakinarazi du udalak. Epaimahaiaren sari berezia, aldiz, 500 eurokoa da, eta Eduardo Larrasa Espino irundarrak lortu du Contemplation (1) obrarekin. Azkenik, artista gaztearen saria Sarah Grandes Bogajo irundarrarentzat izan da. Grandesek 500 euroko saria lortu du Zerutik hurbilago lanarekin.
Finalistek, berriz, diplomak jaso dituzte. Hona hemen:
- Marijose Rekalde Iglesias, Eraul (Nafarroa), Adelaida artelanarekin.
- Miren Gonzalez Goikoetxea, Irun, BER artelanarekin.
- Larraitz Torres Zumelaga, Irun, Txingudi ikastola artelanarekin.
Orotara, Irungo lau artisten artelanak saritu eta errekonozitu dituzte, eta sariak hilaren 29an banatuko dira, Amaia KZko erakusketa zabaltzen den egun berean. Aretoaren ordutegia ohikoa dela gogorarazi du udalak: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan, aldiz, itxita dago Amaia KZ.