Hurrengo Ababor azoka nautikoa 2025ean egingo da
Ababor Euskadiko Bienal Nautikoaren hirugarren ekitaldia 2025ean egingo da. Azoka nautikoa bi urtean behin egingo dela erabaki du Ababorren lantaldeak.
Ababor Euskadiko Bienal Nautikoaren hirugarren ekitaldia 2025ean egingo dela jakinarazi du Ficobak. 2025etik aurrera, azoka nautikoa bi urtean behin egingo da, garapen planari jarraiki. Ficobak adierazi du Ababor antolatzen duen lantaldeak hartu duela azoka bi urtean behin egiteko erabakia, sektore nautikoko eragile nagusiei kontsultatu ondoren.
Ababorren lehen bi ekitaldiak “arrakastatsuak” izan direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta eskualdean azoka “garrantzia handiko” ekitaldia bihurtu dela baietsi dute. Orotara, 80 enpresa erakusketari eta 10.000 bisitari inguru erakarri dituela zehaztu dute.
Ababorrera bertaratu diren bisitarien %80ak 4 eta 5 puntu artean eman dizkio azokari 5 puntuko eskalan. Frantziako merkatuak, gainera, azokarekiko interes handia piztu duela azaldu dute sustatzaileek. Frantzian nautikak “berebiziko eginkizuna” betetzen duela azpimarratu dute antolatzaileek, eta herrialde hartan “hamaika” jarraitzaile dituela gaineratu dute. Datuei erreparatuta, Ababorreko bi ekitaldietan bisitari frantsesen presentzia %16 eta %20 artekoa izan da.
Hirugarren ekitaldiari dagokionean, 2025eko lehenengo lauhilekoan egingo dela aurreratu du Ficobak. Nautika zaleak eta sektoreko profesionalak erakartzen jarraituko duen itxura duela esan dute, Euskal Herriko eta Espainia iparraldeko azoka nautiko nagusien artean sendotuz. Lehen bi edizioen antzera, hirugarrenak ere Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalaren laguntza izango du.
Elkarrekin Ababor, bai
Bestalde, Ficobak adierazi du Elkarrekin Ababor egitasmoko 2024ko deialdia mantenduko dela. Elkarrekin Ababor jarduera nautikoen multzo bat dela zehaztu dute Irungo erakustazokak, eta Ababorrek, EKP Euskal Kirol Portuak, Hondarribiko Klub Nautikoak, Euskadiko Bela Federazioak, Gipuzkoako Bela Federazioak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean sustatzen dute. Elkarrekin Ababor Txingudiko badian egingo da, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzte datak.