Hegobus zerbitzua %20an hazi da uda honetan
Hendaia eta Irun lotzen dituen autobus zerbitzuak hirian duen presentzia areagotu zuen 2021ean. Aurtengo datuak arrakastatsuak izan direla esan du Irungo Udalak.
Euskal Herria Hiri Elkargoaren garraio kolektiboko sareetako bat da Hegobus autobus zerbitzua, eta 2021ean Irunen duen presentzia areagotu zuen. Ordura arte, Irun erdialderaino sartzen zen mugaz gaindiko autobus linea, Fermin Calbeton kaleraino, baina 2021etik aurrera abiaburu bat jarri zen Puianan, eta autobus zerbitzua hiri osoa zeharkatzen hasi zen.
Udako datuei erreparatuta, Hegobusen zerbitzua “arrakastatsua” izan dela adierazi du Irungo Udalak, bidaiari kopurua “nabarmen” hazi baita. Puiana eta Hendaiako hondartza lotu dituen zerbitzua (31. linea) hilaren 3ra arte egon zen martxan. Aurtengo udan, iazko datuekin alderatuta, %20,5ean hazi da bidaiari kopurua. 2022ko 35.275 erabiltzaileetatik 2023ko 42.507 bidaiarietara igo da zerbitzua. Hegobusen linea erabilienetakoa bilakatu dela nabarmendu du udalak.
Hilaren 4tik aurrera, urte osoko ohiko ibilbidea berreskuratu zuen Hegobusek, berriro ere Fermin Calbeton kaleraino iritsiz. Irun eta Hendaia lotzen dituen linea horrek Irungo Udalaren ekarpena duela gogorarazi du udal erakundeak, eta udalak berak finantzatzen du autobusa Irundik pasa dadin, “mugaz gaindiko mugikortasunaren aldeko apustua indartzeko”.
Hegobus 2016an sartu zen Irunen, eta erabaki hori Bidasoaren bi aldeetako mugaz gaindiko harremanetan “oso urrats garrantzitsua” izan zela baietsi du udalak. 31. lineaz gain, 33. linea ere baduela oroitarazi du udal erakundeak. 33. linea hori ere Irunen sartzen da, eta Hendaiako hondartza eta Behobia lotzen ditu. Uda honetan linea horren bidaiari kopuruak ere gora egin du iazko datuekin alderatuta. Aurten 12.444 bidaiari jaso ditu linea horrek.