Azken lagunartekoak jokatuko dituzte Txingudiko taldeek
Txingudi Errugbiko bi senior taldeek, 18 urtez azpikoek eta 16 urtez azpikoek bihar itxiko dute denboraldi aurrea, eta ligako lehen norgehiagokara begira jarriko dira.
Txingudi Errugbiko bi senior taldeek, 18 urtez azpikoek eta 16 urtez azpikoek bihar (larunbata) itxiko dute denboraldi aurrea. Lau taldeek azken lagunarteko partida jokatuko dute, eta ligako lehen norgehiagokara begira jarriko dira.
Txingudi Errugbi Taldeak egutegian tipikoa bihurtu den Lekarozko txapelketa jokatuko du. Txingudiko jokalari, prestatzaile eta jarraitzaileek errugbiz beteriko asteburua pasako dutela adierazi du klubak. Txapelketan parte hartzen duten taldeen artean lagunarteko partidak jokatuko dira Baztango zelaian.
Gizonen senior taldeak Baztan Menditarrak taldearen aurka jokatuko du Lekarozen, 12:00etatik aurrera. Iñigo Camareroren mutilek denboraldi aurreko lehenengo partidan jasandako porrotari buelta eman nahi diote. 16:00etan, aldiz, 16 urtez azpiko taldea zelairatuko da Lekarozen. Harrobiko jokalariak Bera Beraren kontra arituko dira.
Bestalde, 18 urtez azpiko taldeak Hernanin jokatuko du bere lagunartekoa etxeko taldearen aurka. Errugbiz betetako asteburua ixteko, emakumeen senior taldeak denboraldi aurreko lehen eta azken partida jokatuko du Bera Bera-Ordizia taldearen kontra.
16 urtez azpiko Euskal selekzioa
Txingudi Errugbi Taldeko Aritz Arrieta jokalaria 16 urtez azpiko Euskal selekzioak deitu du hilaren 25ean Zarautzen egingo den entrenamenduan aritzeko.