Irungo ikastetxeak, mugikortasun jasangarriaren bidean
Bihar Autorik Gabeko Mundu Eguna da, eta hiriko ikastetxeek 'Eskola Bidea' eta 'BiziBus' egitasmoak gauzatuko dituzte. Iniziatiba horien helburua da ikasleak segurtasunez eta beren kasa mugitzea.
Irun Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astean murgilduta dago iragan larunbatetik. Irungo Udalak bihar arte luzatuko den programazioa ondu du irundarrak mugikortasun iraunkorraren onurez kontzientziatzeko. Bizikleta festez, bizikleta martxez, bigarren eskuko bizikleta azokez edota hitzaldiez gozatu dute irundarrek azken egunetan.
Hiriko ikastetxeek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta ‘Eskola Bidea’ eta ‘BiziBus’ programak gauzatuko dituzte bihar (ostirala, hilak 22), Autorik Gabeko Mundu Egunean. Bi programa horiek hiriko ikasleei zuzendu zaizkie, eta helburua da “ikasleek espazio publikoa erabiltzeko aukera izatea, haur eta gazteak segurtasunez eta beren kasa ibil daitezen Irungo kaleetan barrena”.
‘Eskola Bidea’ iniziatibaren bidez, ikasleak modu autonomoan joango dira beren ikastetxera, bide seguruak ikasita. ‘BiziBus’ programarekin, aldiz, ibilbide hori oinez edo bizikletaz egingo dute.
Hona hemen bi programen harira hiriko ikastetxeetan egingo diren jarduerak:
- Elatzeta ikastetxea: Ikasleei eta familiei egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatu diete gaur eta bihar Katea auzoan antolatzen ari diren ibilbideen bidez.
- Eguzkitza ikastetxea: Bihar gauzatuko dituzte bi programak. Ikastetxeak ezarritako erronka da 150 ikasle izatea modu jasangarrian eskolara joaten direnak. Horretarako, datu bilketa bat jarri dute martxan, gometxak erabilita. Ikastetxeak, gainera, ‘BiziBus’ egitasmoa ostiralero egiten jarraitzea planteatu du, ikasturte bukaerara arte.
- Dunboa ikastetxea: Bihar gauzatuko dute ‘BiziBus’ iniziatiba.
- Lekaenea ikastetxea: Bihar egingo dute ‘BiziBus’, eta erronka gisa 21 ikasle eskolara oinez joatea nahi dute. Eguzkitzaren antzera, gometxen bidez emango dizkiete datuak, egunean bertan.
- Belaskoenea ikastetxea: Bihar gauzatuko dute ‘Eskola Bidea’ programa. Ikastetxearen aurreko errepidea itxiko dute ordubetez, autorik gabeko eremu bat sortzeko. Ikasleek bertan gauzatuko dituzte programatutako jarduerak.