'Papillon'-etik mende erdira, erakusketa
1973ko otsailaren 24tik eta hiru astez, 'Papillon' film ezagunaren grabazioa egin zuten Hondarribian. Horren gaineko erakusketa egin dute.
1973an grabatu zuten Papillon filma. Bertako pasarte asko Hondarribian grabatu ziren, urte hartako neguan, otsaila bukaeran hasi eta hiru astez. Beraz, Dustin Hoffman edo Stece McQueen aktoreak herrian izan diren lanean, Franklin J. Schaffner zuzendariaren aginduetara. 1969an Henri Charrierek idatzitako izen bereko eleberri autobiografikoa izan zuen oinarritzat filmak: hiru astez egin zituzten herriko grabaketak, eta ondoren, Jamaikara joan ziren denak pelikula egiteko lanekin jarraitzera. Herrian arrastoa utzi zuen, baina, filmazio hark. Erakusketa batean ordukoak oroitarazteko edo ezagutzeko aukera dute hala nahi dutenek: Papillon, Hondarribiko istorio bat mostra ikusgai da, Arma Plaza Kultur eta Informazio puntuko bigarren solairuan, urriaren 31ra arte. Gaur arratsaldean (hilak 20, asteazkena) zabalduko dute ofizialki.
Gaur aurkeztu dute erakusketa Igor Enparan alkateak, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak, eta Pedro Usabiaga erakusketaren komisarioak. Alonsok grabazioaren beraren eta horrek Hondarribian izan zuen eraginaren gaineko gogoeta egin du, erakusketaren izaera kokatze aldera: “Bertan egon ez ginenok ezin izan genuen ikusi, baina jakin badakigu izugarria izan zela, bai grabaketak herrian suposatu zuen mugimenduagatik, baita gerora ere izan duen oihartzunarengatik”.
Alonsok herritarrak Arma Plazara joan daitezen animatu ditu. “Horren inguruan gehiago jakin asmoz, erakusketa hau antolatu da Arma Plazan, eta herritarrak zein bisitariak gonbidatu nahi nituzke ikustera, baita ikastera ere”.
Xehetasunak
Ondokoak dira, erakusketaren oinarri bezala, Hondarribiko Udalak erakusketari buruz eman dituen argibideak:
“Papillon, Hondarribiko istorio bat erakusketak 1973ko otsailaren 24an Hondarribiaren erdigunean —Murrua, Nagusia, eta San Pedro kaleetan, Kaiberrian eta Txingudiko Badian— hasi zen filmaketa kontatzen du.
Ehunka estra egokitu ziren aireportuan, jantzi biltegi eta makillaje gunea izan zen hartan. Estra gehienak herrikoak eta inguruko herrietakoak ziren. Filmaketa haren 50. urteurrena, 1973-2023, abenturako zinemako klasiko handienetako baten kultur gertakizuna bihurtu da, garrantzi handikoa.
Ez zen filmaketa erraza izan, eguraldi txarra izateaz gain estrek zenbait lan aldarrikapen egin zituzten, zain zutik eman behar izan zituzten ordu guztiengatik. Hondarribia La Rochelletik hurbil dagoen kostaldeko Sainte-Marie- de-Ré herrixka bihurtu zen.
Herrian egin zen pelikularen castingaren zatirik handiena, horren erakusgarri Don Gordon, Bill Mumy, Eddie Hice, Fred Lerner edo Liliane Meric aktore frantziar gaztea; hala azaltzen dute erakusketan lehenengo aldiz agertzen diren filmaketa orriek”.