Hondarribiko Dantza Hirian, igandean
San Pedro kalean eta Madalena plazan egingo dituzte herritarren artean dantza zabaldu asmo duen egitasmoaren saioak.
Herri arteko egitasmoa da Dantza Hirian. Asteburu honetan, aurreko egunetan bezala (hilaren 9tik zehazki), Gipuzkoako hainbat udalerritako plazek jasoko dituzte dantza zabaltzea asmo duen proiektuaren barruko emanaldiak. Hondarribian ere egingo dituzte ikuskizunak, igandean zehazki.
19:00etan, Hermandadeko arkuaren ondoan (San Pedro kalean), Jesus Benzalen konpainiako bi dantzarik Todas las despedidas pieza eskainiko dute, 11 minutukoa. Ondoren, 19:15ean eta Madalena plazan, Colectivo Globo taldeko bikote batek Allero ikuskizuna plazaratuko du (15 minutukoa da).
Dantzarien eta haiek egingo dituzten ikuskizunen berri sakonago izateko, sartu Hondarribiko Udalaren webgunean.