'Oyuna', naturaren edertasuna eta adierazpen artistikoa uztartzen dituen erakusketa
Oyuntsetseg Tsogzolen 'Oyuna' Irunen bizi den jatorri mongoliarreko emakume bat da, eta bere sormen munduan murgiltzera gonbidatu nahi ditu bisitariak Kabigorri Ateneoan urriaren 14ra arte.
Kabigorri Ateneoan “naturaren edertasuna eta adierazpen artistikoa” uztartzen dituen erakusketa bat dago ikusgai hilaren 1etik: Oyuna. Oyuntsetseg Tsogzolen ‘Oyuna’ Irunen bizi den jatorri mongoliarreko emakume bat da, eta bere sormen munduan murgiltzera gonbidatu nahi ditu bisitariak urriaren 14ra arte. Oyuna margolaria, argazkilaria eta bidaiaria da, eta bere lanek “fintasuna eta adierazkortasuna” transmititzen dute.
Erakusketa hamasei lanek osatzen dute. Zortzi obra pintura akrilikoz margotutako mihiseak dira. Artista irundarrak “tximeleten edertasuna” islatu du margolan horietan, Mongoliako landetako lore oparoen gainean jirabiraka. Marra eta xehetasun bakoitza “bere kolore eta bizitasunagatik” nabarmentzen da.
Bestalde, A3 tamainako zortzi ikatz-zirizko marrazki originalak aurki daitezke erakusketan. Zuri-beltzean egindako lanak dira, eta “kontrastearen eta ikatz-ziriaren ehunduraren bidez emozioak eta narrazioak transmititzeko gaitasunagatik nabarmentzen dira”.