Eskola Kirolako izen-emateak, irekita
Ikasturte berria hasi da, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek urrian hasiko dituzte Eskola Kirolako jarduerak. Izena emateko azken eguna hilaren 28a da.
Ikasturte berria hastearekin batera, 2023-2024 sasoiko Eskola Kirolako jarduerak hasiko dira urrian. Irungo Udalak prest du jada aurtengo kirol eskaintza, 2024ko maiatzera arte luzatuko dena, eta atzo aurkeztu zuen Borja Olazabal Kirol ordezkariak Dunboa ikastetxean. Izen-emateak irekita daude, eta hilaren 28a izango da haurrak apuntatzeko azken eguna.
Eskola Kirola Lehen Hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, eta Kirol ordezkariak nabarmendu zuen programaren helburua dela “ikasleak euskaraz dibertitzea eta sozializatzea”. Horretarako, hainbat kirol jarduera antolatzen dira eskola ordutegitik kanpo ikasturtean zehar.
Aurten, berritasun moduan, eta nesken parte hartzea sustatzeko xedearekin, soilik neskez osatutako taldeak egiteko aukera izango da, betiere neska nahikoa badira talde bat eraikitzeko. Iniziatiba “fase esperimentalean” dagoela adierazi zuen Olazabalek, eta helburua da “neskak kirolera gerturatzea konfiantzazko eta inklusiozko espazioak” sortuz.
Aurten ere, beste urteetan egin bezala, leku batzuk gordeko dira behar bereziak dituzten haurrentzako, familia horiek beren seme-alabak Eskola Kirolan parte hartzea eskatzen baitute.
Egutegia
Eskola Kirola urrian hasi eta 2024ko maiatzean bukatuko da. Lehen Hezkuntzako Lehen eta Bigarren Mailako ikasleek entrenamendu bat egingo dute astean; Hirugarren, Laugarren, Bosgarren eta Seigarren Mailako ikasleek, aldiz, bi saio izango dituzte astero. Entrenamendu guztiek, gainera, ordubeteko iraupena izango dute.
Izen-emateak eta tarifak
Eskola Kirolako izen-emateak martxan daude jada, eta hilaren 28a izango da inskripzioak egiteko azken eguna. Izen-emateak Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin behar dira, Irun Txartela, NANa edo antzekoak erabilita.
Lehen eta Bigarren Mailako parte hartzaileen kuota 40 eurokoa izango da. Ordainketa aldi batean edo bitan egin ahal izango da. Ordainketa bakarraren hautua egiten dutenek abenduan pagatu beharko dute; bitan egiten dutenek, berriz, 20 euro ordainduko dituzte abenduan eta beste 20 apirilean.
Bestalde, Hirugarren, Laugarren, Bosgarren eta Seigarren Mailako ikasleek 125,9 euro ordaindu beharko dituzte Eskola Kirolan aritzeko. Horiek ere ordainketa aldi batean edo bitan egiteko aukera izango dute. Ordainketa bakarra egiten dutenek abenduan pagatu beharko dute; bitan egiten dutenek, aldiz, 62,98 euro ordainduko dituzte abenduan eta 62,97 apirilean.
Kasu guztietan ordainketak banku helbideratze bidez egin behar dira.
Behin izen-emate epea bukatuta, taldeak osatuko dira, eta hilaren 30etik aurrera kontsultatu ahal izango dira.
Igeriketa kanpaina
Eskola Kirolarekin paraleloan, urrian ere igeriketa kanpaina abiatuko da. Programa hori Lehen Hezkuntzako Bigarren Mailako ikasleei zuzenduta dago, eta hamar ikastetxe apuntatu dira egitasmora. Igeriketa kanpainak hogei saio eskainiko ditu talde bakoitzeko, eta ikastaroak Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako igerilekuetan gauzatuko dira.
Hona hemen Eskola Kirolaren urte osoko programa ikastetxeka.