'18zm', sormena askatzeko lehiaketa-erakusketa
Programaren VI. ekitaldia da aurtengoa, 'Caleidoscopio/Aniztasuna' gaia ardatz. Obrak urriaren 3tik 20ra aurkeztu behar dira, eta epaimahaiak lan horietako batzuk hautatuko ditu erakusketa bat osatzeko.
Irungo Udalak prest du seigarren urtez ’18zm’ lehiaketa-erakusketa, eta gaur goizean aurkeztu dute formatua Nuria Alzaga Kultura ordezkariak eta Ana Zubikoa eta Ricardo Catalan proiektuaren arduradunek.
’18zm’ 2018an sortu zen, arteari “agertoki berriak” irekitzeko asmoz. Lehiaketaren helburua da obrei “ikusgarritasun espazio berriak” eskaintzea, askotariko sortzaileek egindakoak, diziplina askotan eta hainbat euskarritan. “Pintura, eskultura, argazkilaritza… artea edozein delarik ere, herritarrei beren talentu eta sormena partekatzeko eskatu nahi diet, ’18zm’ lehiaketa-erakusketaren bidez, aurten ere pieza original eta ezin bereziagoen bilduma osatu dezagun”, esan du Alzagak ’18zm’-ren filosofiaren inguruan.
Lehiaketan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: obrak muga jakin batzuk errespetatzea eta gai bati buruzkoa izatea. Hori dela eta, obra guztiak 18 zentimetrokoak izango dira gehienez. Modalitate guztietan erabili beharreko teknika, berriz, librea da, eta parte hartzaileak adin nagusikoak izan behar dira.
Pintura, serigrafia, grabatu edo argazkietan, obrak 18zm luze eta zabal izango ditu gehienez, eta erakusketarako euskarri zurrun batean aurkeztu beharko dira, markorik gabe. Eskulturen modalitatean, obrek ezin dituzte 18 zentimetroak gainditu ezein dimentsiotan, sakonera ere kontuan hartuta. Ikus-entzunezko sorkuntzei dagokionean, 18 segundokoak edo minutu bat eta 18 segundokoak izango dira. Lan horiek MP4 formatuan aurkeztuko dira posta elektronikoz, fitxategiak partekatzeko plataforma bat edo esteka bat erabilita.
Lehiaketaren VI. ekitaldiko gaia ‘Caleidoscopio/Aniztasuna’ da. Ideia hori ardatz hartuta, antolatzaileek erakutsi nahi dute Irun “hiri kaleidoskopikoa” dela: “[Irun] geruza ugarik osatzen dute, eta horien bidez askotariko kontzeptuak landu ditzakegu, lengoaia artistikoetan zein gizarteko diskurtsoetan presente daudenak, esate baterako: mundu ikuskera zaharraren eta garaikidearen arteko lotura, aniztasunaren eta banakoren arteko harremana, absolutuaren eta erlatiboaren artekoa, gorputzaren konplexutasuna, kulturen eta komunitateen eraldaketa, aldaketarako tresnak eta mugimenduen norabidea”.
Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonak bi mailatan aurkez daitezke: banakako mailan obra batekin, edota serieen mailan. Bigarren kategoria horretan gutxienez bi eta gehienez hiru pieza aurkezteko aukera izango dute interesdunek.
Epaimahaia eta sariak
Epaimahaia artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko profesionalek osatuko dute, eta hurrengo mailetan emango dituzte sariak:
- Margolan onenaren saria: 300 euro.
- Argazki onenaren saria: 300 euro.
- Eskultura onenaren saria: 300 euro.
- Ikus-entzunezko obra onenaren saria: 300 euro.
- Serie onenaren saria: 300 euro.
Sari horiez gain, aurkeztutako obra guztien artean, epaimahaiak ‘Tamayo Saria’ emango du. Irabazleak 180 euroko txartel bat lortuko du Donostiako Tamayo dendan erabiltzeko (Legazpi kalea, 4).
Parte hartzea
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek Amaia KZra eraman beharko dituzte obrak urriaren 3tik 20ra, honako ordutegian: asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.
Obrarekin batera, izena emateko orria entregatu beharko dute parte hartzaileek. Horrez gain, nahi izanez gero, obren azalpen txiki bat ere aurkez daiteke. Obra postaz bidaltzen bada, Amaia KZra iritsi behar da urriaren 20ko 21:00ak baino lehen.
Lanak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak obra batzuk aukeratuko ditu, “kalitatea eta dibertsitatea” kontuan hartuta. Hautatutako obra horiekin bilduma bat osatuko da, eta jendearentzako ikusgai egongo da urriaren 27tik azaroaren 12ra Amaia KZn. Sariak, gainera, erakusketa hori irekitzen den egun berean banatuko dira, hau da, urriaren 27an.