Jaien balantzea egin berri du udalak
Aurtengo jaietan "hainbat ekintza pixka bat inklusiboagoak" egiten saiatu dira, eta guztiek harrera ona izan dutela diote udaleko iturriek. Herritarrei eskerrak eman dizkiete, "zuen parte hartzea aberatsa eta ezin bestekoa delako".
Hondarribiko Udalak pasa berri diren jaien balorazioa egin du. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete herritarrei, “zuen parte hartzea aberatsa eta ezin bestekoa delako”. Udal langileen eta erakundeen arteko elkarlana ere nabarmendu du udalak, eta aurrerantzean “eskaintza ahalik eta aberatsena izan dadin” lanean jarraituko dutela esan dute.
Aurtengo jaietan “hainbat ekintza pixka bat inklusiboagoak” egiten saiatu direla erantsi dute udaleko iturriek, eta guztiek harrera ona izan dutela diote, hala nola, mugikortasun urritua dutenentzako egokitutako guneak. Datorren urtean zerbitzu hori indartzeko apustua egingo dute. Horrez gain, lehen aldiz abian jarritako indarkeria matxistaren kontrako neurrien inguruko balorazioa ere egin dute: “24 orduko arreta eskaintzen zuen telefono zenbaki berezia eta artatze gunea izan ditugu. Horrek, txosna gunearekin koordinazio talde bat osatzea ahalbidetu zuen. Ostalaritza elkarteak ere ekimen honetan parte hartu zuen”.
Hobetu beharreko gaiak ere aipatu dituzte. Eskailera mekanikoen matxurari ezin izan diotela “nahi bezain azkar erantzun” diote eta honako gogoeta egin dute: “Jai hiro beteak, herritar, bizilagun eta bisitarien arteko talka ere badakar, elkarbizitza kaltetuz. Zabor pilaketa, hainbat kaleetako zarata neurrigabea eta erabilera egokiari buruz hausnartu beharra daukagu, guztiok”.
Herriko zenbait gunetan komun publikoen kopurua indartu badute ere, beste gune batzuetan falta izan direla diote. Gainera, jarri diren horiek “modu zakarrean” erabiliak izan direla, “honek suposatzen duen kalte pertsonal eta materialarekin”.
Azkenik, jaien bezperan jazotako bi indarkeria matxista kasu gogorarazi dituzte. Ekintza horiek salatu eta gaitzesteko elkarretaratzea deitu zuen udalak, “ez zela inolako indarkeriarik onartzeko”.