Jaizkibel konpainia: "Jarrai dezagun lapurtu diguten eta guztiona den ondarea berreskuratzen"
Hondarribiko Udalari zein beste erakundeei "konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela" eskatu diete.
Jaizkibel konpainiak irailaren 8aren gaineko balorazioa egin du. Baikor azaldu da hainbat gertaerarekin, ezkor beste batzuekin. Dena dela, konpainiak nabarmendu du elkarlanaren bidearekin jarraitu behar dela, “jarrai dezagun elkarlanean lapurtu diguten eta guztiona den ondarea berreskuratzen”. Irailaren 8an elkarbizitza espazioak sortu zirela baieztatu du konpainiak, “espazio horiek sortzea zailagoa izango litzateke udalak aurten egindako keinuengatik ez balitz”. Eskaera ere egin du Jaizkibelek: “Horren aurrean, eskaera argi bat egiten diegu Hondarribiko Udalari zein bestelako instituzioei: konponbidearen aldeko estrategia argi eta zintzo bat adierazi dezatela hurrengo hilabeteetan. Era berean, alkateari eskatzen diogu elkarrizketa-mahai bat bideratu dezala abendua baino lehen, inongo betorik onartu gabe. Eragileren batek ez badu mahai horretan eseri nahi, gainerakoak hasiko gara konponbidearen aldeko prozesuari forma ematen
Baikor baloratutakoen artean, adierazi dute 1.000 pertsona inguruk desfilatu zutela Jaizkibelekin: “Kaleak ere gure aldeko keinuz eta txaloz beteta egon dira. Bereziki aipatu nahi dugu, aurten, Gernikako Arbolatik atera izana, eta, bertan, beste konpainietako kideek, jaso zituzten presioak presio, guri harrera egin eta babesa erakutsi izana. Batzuek ekidin nahi dute elkarri babesa adierazteko eta elkarrekin ospatzeko espazioak sortzea, baina argi dago hondarribiar askoren nahia dela jaiak elkarrekin ospatzea”.
Alde baikorretik, aldi berean, udal gobernuaren, alkatearen jarrera: “Udal Gobernuko kideek eta alkateak harrera egin digute lehenengoz. Horrez gain, komunikazio- eta harreman kanalak normalizatu dira, haien parte hartzea gure ekitaldietan normalizatu den bezala. Adibidez, alkatea eta Abotsanitz nahiz EH Bilduko zinegotziak Hondarribia Berdintasun Hiria sarian izan ziren, eta jasan genuen boikotaren aurrean laguntza eman ziguten”.
EAJri kritika
Alde ezkorretik, EAJren jarrera deitoratu du Jaizkibelek. “Benetan larritzat jotzen dugu Hondarribiko EAJk irailak 8aren bezperatan kaleratu zuen idatzia; konponbidearen aldeko keinurik ez egiteaz gain, ezberdin pentsatzen dutenen arteko zubi guztiak apurtu nahi izan ditu idatzi horren bidez. Halaber, ez dugu koherentziarik ikusten Gipuzkoako EAJren eta Hondarribiko EAJren jarreren eta hitzen artean”.
Alta, konpainiako kideek uste dute hainbat keinu ez direla bateragarriak: “Kezkagarria iruditzen zaigu eskubideak defendatzen dituzten pertsonak eta jarrera baztertzaileak dituztenak parekatzea. Ez da gauza bera eskubide bat defendatzea eta eskubide hori bera urratzeko ‘sentsibilitatea’ edukitzea. Horregatik, Jaizkibelen nahiz alarde baztertzailearen aldeko keinuak egitea ez zaigu neutrala iruditzen. Berdintasun Legea urratu egiten dela urtero gure herriko jaietan, eta badela garaia herritar guztiok ospatuko dugun alarde parekideari ateak zabaltzeko”.