Goikok, agurrean ere, arrastoa utzi du Hondarribian
Hondarribia Grand Slamen finala jaso zuen larunbatean jostaldi pilotalekuak. Goikoetxea-Gorka bikoteak eraman du txapela etxera.
Iñaki Osa Goikoetxea Goiko-k uda hasieran iragarri zuen zesta punta utziko zuela sasoia bukatzean, 2024ko otsailean. 42 urteko zumaiarra Euskal Herriko eta munduko pilotalekuetan dena, gehiena ona, emandakoa da. Hala izan da Hondarribian ere bai. Hondarribia Grand Slamaren finala jokatu zuen larunbatean Gorka bikotearekin batera, eta Johan-Basque bikoari bi setak irabazita (15-11 eta 15-14), azken agurra eman zion Jostaldi pilotalekuari eta beraz Hondarribia Grand Slami. Ohorez eta maisuki eman zituen azken pilotakadak. Txapela buruan agur esan zion herriari. Arrastoa utzi du. Finalean ere ez zuen sorpresarako tartetik utzi Goikok, Gorka bikotearekin.
Goraino bete zen Jostaldi Hondarribia Grand Slameko finalerako. Giro bero eta aparta. Zaleen artean, lehiaz gozatzen, hainbat ordezkari politiko, tartean Igor Enparan alkatea, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua, Gorka Iturriaga Jaurlaritzako kirol zuzendaria, edo aldundiko Turismo zuzendari Iñigo Garcia.
Slamaren lehia guztietan bezala, giro aparta izan zen Jostaldin. 2024ko edizioan errepikatuko da giro hori, ziur. Baina Goiko ez da herrian izango.