Guztion Alardea: "Herriko bandera, bakarra eta guztiona"
Alarde baztertzaileko konpainia batek herriko banderaren erreplika bat eraman zuela salatu du taldeak. Horrez gain, Jaizkibel Konpainia agurtzea ekiditen saiatu zirela ere salatu nahi izan dute.
Aurtengo irailaren 8aren gaineko balorazioa egin berri du Guztion Alardea taldeak. Lehenik, emakumeen parte hartzea bultzatzeko emandako urratsek “konponbidea gero eta hurbilago dagoela erakutsi” dutela diote. “Kalean beste giro bat arnasten da eta gero eta gehiago gara berdintasunez Alardean bat egin nahi dugun hondarribiarrak”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Halere, salaketa egiteko ere probestu dute hedabideei bidalitako oharra. Bertan diotenez, “tamalez, Alardearen ordezkari gisa hitz egiten duten botere faktikoek, Alardearen etorkizuna eta herriko elkarbizitza arriskuan jarri dituzte aurtengo irailaren 8an”. Alde batetik, Alardeko agintari zenbait gizonezkok soldadu gisa desfilean parte hartzen dutenei Jaizkibel Konpainiakoak Gernikako Arbolan agurtzea “modu bortitzean ekiditen saiatu” zirela salatu dute, “behin eta berriz”.
Bestetik, alarde baztertzaileko konpainia batek egindakoa gogorarazi eta salatu dute: herriko banderaren erreplika bat eraman zuen desfilean, tentsioa eraginez herrian.”Hiriaren bandera ofiziala faltsifikatu eta denok ordezkatzen gaituen sinboloa bereganatu dute, beren burua herriko instituzio nagusiaren gainetik jarriz, eta guztion ikurrinaren sakratutasuna mespretxatuz”, diote.
Hori egiteko aitzakia udal korporazio berrian jarri dutela erantsi dute, “alardearen atzetik Sainduara ez joatea erabakitzeagatik”. Pandemia garaian ordea, Alarde Fundazioa ez zela udalak egindako botoan agertu diote, “usadioa komeni zitzaien moduan moldatuz ere”.
Banderaren “usurpazio” hori alardearekin egiten dutenaren “metafora garbia” dela esan dute: “eskubidez guztiona den hori, gutxi batzuek bahitzea. Behin eta berriz, herriko sektore zehatz batek tadizioa hankaz gora jartzen du helburu bakar batekin: Alardean emakumeen parte hartzea ekiditea”.
“Zinez uste dugu zentzuz jokatzeko garaia dela. Ezin dugu gatazka mingarri hau denboran gehiago luzatu. Irudika dezagun dagoeneko elkarrekin eta bakean ospatuko dugun Alardea”, esan dute azkenik.