Igor Enparan: "Nabaria da Hondarribian gatazka bat bizi dugula"
Alarde egunean bere burua kontrolatu behar izan zuela esan du alkateak: "Egoera jasangarria bizitzeko atzera urratsa egin behar izan dut".
Balorazioak balorazio, historikoa izan da aurtengo irailaren 8a Hondarribian, lehen aldiz egin baitio herriko agintari nagusiak harrera Jaizkibel konpainiari. Igor Enparan Hondarribiko alkateak oles egin zion konpainia parekideari elizako eskaileretan, eta Hondarribiko Jaien egun handian bizirikoaz hausnarketa egin nahi izan du orain.
“Ustezko hiriko bandera” izendaturiko ikurrarekin izandako gatazkaz jardun da Enparan idatzian. Ageriko egin du ezinegona herriko eragile batek Guadalupeko Santutegian erakundearen ikur nagusiarekin parez-pare jarri zuelako —aurretiazko abisurik gabe, gainera— bandera hura. Irmo mintzatu da alkatea: “Hondarribian ez dago erakunde militarrik hiriko ikur demokratikoaren gainean beste ikur bat konfrontatzeko legitimitatea duenik”.
Horrekin, aitor egin du nabaria dela oraindik ere gatazka hirian, “alardearen inguruan ezberdin pentsatzen duten eragile ugari baitaude”. Testuinguru horretan hilaren 8an izandako “kontentzioa” aitortu dio bere buruari agintariak, esan baitu “atzera urratsa” egin behar izan zuela alardearen egunean egoera “jasangarri” manten zedin.
Horra alkatearen gogoeta, hitzez hitz:
Pasa berri ditugun Hondarribiko Jaien balorazio orokorra egiteko inplikatutako langile eta talde guztien informazioa jasotzen ari garen honetan, hausnarketa egin nahi nuke Hondarribiko alkatea naizen ikuspegitik, izandako bizipenen inguruan.
Aipatu nuen bezala, 2023koa keinuen Alarde eguna izatea nahi nuen. Zubiak eraikitzeko bidean elkarrizketa saiakera garrantzitsua egin nuen jaien aurretik uda osoan zehar. Eragile guztiei aipatzen nien ez nuela egunean bertan sorpresaz harrapatuko gintuen egoerarik bizi nahi. Konfiantza eremuak sortu nahi nituen norberaren erabakiak aurrez jakin eta inork haserrealdirik ez izateko.
Bada keinuen urtea izan da, bai. Keinu batzuk oso modu baikorrean baloratzen ditudan bezala, eman diren beste keinu batzuen aurrean deseroso sentitu naiz.
Irailaren 8an ez dut bortizkeria fisikorik gertatu izanaren berri izan. Tentsioa, aldiz, bai izan zela nabarmena. Herritarren baten aldetik jasotakoa eta Udalaren barruko kideen aldetik jasotakoa ere. Egunaren aurretik urtero gertatu ohi den bezala, sare sozialen bidez tentsioa igo da aurten ere.
Pertsonen edo eragileen aldetik ez zen bortizkeria kasurik izan, baina zentzu horretan, Hondarribiko udalarekiko, instituzio bezala, tentsioa sustatu zelakoan nago. Mingarria izan da Hiriko Bandera beste bandera batekin parez-pare ikustea. Udal ordezkariek euste lan handia egin behar izan genuen gatazka areagotu ez zedin.
Jakinarazi nahi dut bizikidetzaren oinarria dela demokrazia eta demokraziaren oinarri direla instituzio publikoak. Gizarte osoaren zerbitzura dauden erakundeak dira. Hondarribiko Udalak duen ikur nagusia dugu hiriko bandera. Beste ikur nagusi bat da Alkate makila. Ikur horiek, agintean dagoena dagoela, herritarrak batzeko elementuak dira. Horregatik, gizartearen errespetua merezi dute.
Hondarribiko udal korporazioak irailaren 8an Hondarribiko Bandera Eliza Nagusitik Guadalupera eramateko ardura eta ohorea izan du. Kale Nagusian behera eta ondoren Guadalupeko Santutegira beste aldi batzuetan eraman den modura. Errespetu osoz jardun da herriaren usadio garrantzitsu bati erantzunez.
Aurten, aurretiazko inolako informaziorik jaso gabe, harrera instituzionalaren gunetik eragile batek ustezko hiriko bandera deitu duen ikurra atera du. Bandera hau, gainera, Guadalupeko Santutegian erakundearen ikur nagusiarekin parez-pare jarri du. Hondarribian ez dago erakunde militarrik hiriko ikur demokratikoaren gainean beste ikur bat konfrontatzeko legitimitatea duenik.
Oinarrizko bizikidetzaren printzipioak onartu behar ditugu eta ardura eta errespetuz jardun behar dugu guztiok.
Adierazpen hauekin nabaria da Hondarribian gatazka bat bizi dugula. Alardearen inguruan ezberdin pentsatzen duten eragile ugari badaude. Nire konpromisoa elkarrizketaren bideari ekitea izan da eta horrela izaten jarraitzen du. Oso garbi daukat-eta gatazkak elkarrizketaren bidetik ezberdinen arteko akordioetara iristeko modua direla.
Oso modu baikorrean baloratzen dut jaien aurretik Hondarribiko Udaleko talde politiko guztiek, Abotsanitz, EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu, gatazkaren konponbideari elkarrizketaren bidetik jorratzeko sinatutako agiria. Balioan jarri nahi dut Euskadiko erakundeetako ordezkariek ere bat egin zutela Hondarribiko Alardea eta konpainiak jasotzeko egin nien deiarekin. Izan ere, Foru Aldunditik, Jaurlaritzatik, eta Emakundetik eta Arartekoak berak helarazi baitzidaten abiatutako bidearekin bat egiten zutela eta Hondarribira etortzearekin sustengua erakutsi nahi izan zutela erakunde horiek.
Nire aldetik, lehen Alarde eguna bizitu nuen. Emozioz eta urduritasunez beteriko hainbat une bizitu ditut. Zorrozteko eta hobetzeko hainbat gauza izango dira. Baina gehien nabarmendu nahi dudana kontentzioa da. Zubiak eraikitze bidean, egoera jasangarri bat bizitzeko atzera urratsa egin behar izan dut.
Aipamen bat egin dut elkarrizketari bide emango diodala eta berretsi egin nahi dut. Esango dut Alarde eguna bizitzeko burutu beharreko prozedura administratiboak ere erraztu ditudala eta horrela egiten jarraitzeko asmoa dudala. Baina tinko eutsiko diot guztionak diren erakunde publikoen ikurrak defendatzeari. Oinarrizko ditugun bizikidetzaren printzipio eta baloreak ahalegin guztiarekin babestuko ditut.