Elai Serbitzuak: "akordioa bi aldeentzako pozgarria izan da"
Abuztu bukaeran bukatutzat eman zuten 115 eguneko greba udal lorezainek, akordio berria sinatu baitzuten Elai Serbitzuak enpresarekin. Orain, enpresak akordioaren gaineko balorazioa egin du.
Abuztu bukaeran Elai Serbitzuak SLko langileek (udal lorezainek) bukatutzat eman zuten 115 eguneko greba, akordio berria sinatu baitzuten enpresarekin. Orain, enpresak ohar bat bidali die hedabideei, akordioaren gaineko balorazioa egiteko.
Akordioa “bi aldeentzako pozgarria” izan dela esan dute lehenik, “langileen zein egungo udal korporazioaren pretentsioak jaso” dituztelako. Izan ere, udal lorezainen lan baldintzak udal langileekin parekatu dituzte. Honi esker, soldatan %20eko igoera izango dute langile guztiek, eta urtean 1.700 ordu egitetik 1.592 egitera pasako dira.
Akordio berrian jasotako neurriak udalaren datorren lizitazio prozesuan martxan jarriko direla diote, Elai Serbitzuak enpresarekin izandako kontratua bukatutzat eman baita.
Akordioaren ondoren, enpresak “neurri aproposak” hartu dituela erantsi dute, eta “zerbitzua normaltasun osoz berreskuratzeko esfortzuak bikoiztu” dituztela, jardinak eta gune berdeak egoki mantentzeko asmoz.
Azkenik, herritarrei eta herria bisitatu dutenei eskerrak eman dizkie enpresak, haien “pazientzia eta ulermenagatik”.