Real Union, Federazio Koparen bila
Txuri-beltzek eta Deriok Federazio Kopako Euskal Autonomia Erkidegoko faseko finala jokatuko dute bihar Galen, 19:30ean. Partida irabazten duenak sari handia izango du, txapelketako fase nazionalerako sailkatuko baita.
Ligaz gain, Real Union beste erronka batean murgilduta dago beste denboraldi batez: Federazio Kopan. Abuztuaren 30ean, irundarrek Euskal Autonomia Erkidegoko faseko finalaurrekoa jokatu zuten Getxon Arenasen aurka, eta txuri-beltzak 0-1 nagusitu ziren, finalerako sailkatuz. Finaleko arerioa Derio izango da. Bizkaitarrek Leioa garaitu zuten jokatutako beste finalaurrekoan (1-2).
Euskal Autonomia Erkidegoko faseko finala bihar (asteazkena, hilak 13) jokatuko da Galen, 19:30ean. Real Union eta Derio nor baino nor arituko dira txapelketaren lehian. Partida irabazten duenak, gainera, sari handia izango du, hilaren 27an hasiko den Federazio Kopako fase nazionalerako sailkatuko baita. Iazko denboraldian bezala, Federazio Kopako finalerdietara sailkatzen diren lau taldeek Espainiako Kopa jokatzeko txartela lortuko dute. Horixe da, hain zuzen, Real Unionen helburua.
Iazko sasoian, txuri-beltzak Federazio Kopako finalerdietara iritsi ziren, eta bide horretatik lortu zuten Espainiako Kopan jokatzea. Lehiaketa horretako lehen kanporaketan Lehen Mailako Cadiz kanporatu zuten Galen (3-2). Ondoren, bigarren kanporaketan, Lehen Mailako beste talde batek bisitatu zuen Irun: Mallorcak. Irundarrek ezin izan zuten bigarren kanporaketa hori aurrera atera (0-1), eta sailkapenak ihes egin zuen Galetik.
Klubak jakinarazi du biharko partida denboraldiko abonuan sartuta dagoela. Bazkide ez diren zaleen kasuan, aldiz, sarrerak 5 euroko kostua izango du 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzat, eta 10 eurokoa 15 urtetik gorako pertsonentzat.