Autoa "modu irrazionalean" erabiltzeak dituen ondorioak, eztabaidara
Hilaren 16tik 22ra luzatuko dute aurtengo Mugikortasun Astea Hondarribian. Sentsibilizazio kanpaina honek "ibilgailuaren erabilera irrazionalak sor ditzakeen ondorio negatiboak eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzea" bultzatuko du.
Hilaren 16tik 22ra luzatuko dute 2023ko Mugikortasun Astea Hondarribian, Konbinatu eta mugitu lelopean ospatuko dute aurtengoa. Gaur egin dute aurkezpen ofiziala udaletxean, bertan izan dira Estitxu Urtizberea alkateordea, Anais Mitxelena Aranzadi Zientzia elkarteko ordezkaria, Balazta elkarteko Gorka Obeso eta Amuitz elkarteko Maria Carrera.
Aurtengo sentsibilizazio kanpainak “ibilgailuaren erabilera irrazionalak hirian osasun publikoan nahiz ingurumenean sor ditzakeen ondorio negatiboak eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzea” bultzatuko duela iragarri dute. Denetik antolatu dute, publiko guztientzako ekintza eta jarduerak egingo dituzte.
Bi plano bereizi nahi izan dituzte antolatzaileek. Batetik, mugikortasun eraginkorra, eta bestetik, ingurumena aintzat hartzea. “Hirian autoa modu irrazionalean erabiltzeak dituen ondorioak hausnartzea nahi dugu, bai arduradun politikoek eta baita hiritarrek”, erantsi dute gaurkoan.
Ondorengoa da aurtengo asterako antolatu duten egitaraua:
- Hilak 16 (larunbata): Batetik, Jaitzubiko padurak, biodibertsitate iturri: habitatak eta landareak izeneko bisita eskainiko dute. Jaitzubiko padurak osatzen dituzten zenbait habitat interesgarri ezagutuko dituzte herritarrek. Bestetik, Jaitzubiko padurak, biodibertsitate iturri: hegaztiak eta beraien zaindariak izeneko saioa egingo dute. Txingudiko eraztuntze-estazioa bisitatuko dute hondarribiarrek, hegaztiak eraztuntzeko prozesua zuzenean ikusi ahal izango da. Izena emateko bideak eta ordutegiak hemen kontsulta daitezke.
- Hilak 17 (igandea):
- 10:30: Bizikleta martxa abiatuko da Gernikako arbola plazatik.
- 11:30 Umeentzako bizikletaren inguruko hainbat jarduera/jolas egingo dituzte, Butroe pasealekuan.
- 13:30 Herri bazkaria. Butroe pasealekua Bizikleta martxa amaitzerakoan parte hartzaileentzako herri bazkaria egingo da.
- Hilak 18 (astelehena):
- 9:30: Autobusetik bizikletara, elkarbizitza hobetuz jarduera. Jarduera praktikoa izango da, txirrindulari rola beteko duten autobus gidariekin. Helburu nagusia “elkarbizitza hobetzea da, bizikletan doan pertsona bati autobus bat aurreratzeko prozesuan gertatzen diren egoerak eta pertzepzioak ulertuta”. 17:00etan berriro eskainiko dute jarduera.
- 17:30: Altxorraren bila jolasa 9-12 urte bitarteko haurrentzat, Martxoak 8 plazan.
- Hilak 19 (asteartea):
- 19:00: Hiri-mugikortasunaren oraina eta etorkizuna: Auto elektriko bat erostea interesatzen zait? hitzaldia, Kultur etxeko Areto Nagusia.
- Hilak 20 (asteazkena):
- 17:30: Altxorraren bila jolasa 9-12 urte bitarteko haurrentzat, Martxoak 8 plazan.
- 18:30: Mugikortasun Mahaia kalean: Portua oinez aztertzen jarduera. Egiluze Egiluzetik abiatuta, irisgarritasunari eta mugikortasunari buruz hitz egingo dute partaideek. Azken aldian egindako aldaketak aztertuko dituzte eta oinezkoen ibilbideen segurtasuna, erosotasuna eta erakargarritasuna hobetzeko egon daitezkeen aukerei buruz ariko dira.
- Hilak 21 (osteguna):
- 16:00: Nagusikleta saioa, San Gabriel Egoitzan. Adinduak hiriko kaleetatik trizikloan paseatuko dituzte.
- 18.30 Eskola-bideak. Autonomia eraikitzen laguntzen hitzaldia, Kultur etxeko Areto Nagusia
- Hilak 21 (ostirala):
- 21.00 Mugaz gaindiko gaueko martxa, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuan. Eskualdeko hiru hiriak batuko ditu martxa batek, eta helburua da “bizikletaren erabilera sustatzea, autoaren alternatiba gisa, hiru hirien arteko joan-etorrietarako”.
Informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan.