Iparralde eta Gipuzkoa, txapeldun Euskal Herriko Squash Txapelketan
Lur Alai Squash Klubak antolatutako selekzioen arteko txapelketa lehiatu zen larunbatean Artalekun. Bien bitartean, squasha babesteko aldarrikapen pankarta bat zintzilikatu zuten Artalekuko harmailetan Bidasoaren eta Bartzelonaren arteko partidan.
Larunbatean selekzioen arteko III. Euskal Herriko Squash Txapelketa jokatu zen Artaleku kiroldegian. Irunen Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako, Nafarroako eta lehen aldiz Iparraldeko gizon eta emakumeen taldeak aritu ziren nor baino Euskal Herriko Txapelketaren lehian. Squash Txapelketa Lur Alai Squash klubak antolatu zuen, eta klubak baietsi du Euskal Herriko “jokalari onenak” izan direla asteburuan Artalekun. Horrez gain, klubak eskerrak eman dizkio Euskadiko Squash Federazioari Lur Alairengatik “apustua” egiteagatik Irunera horrelako txapelketa “garrantzitsu bat” ekartzeko.
Emakumeetan Iparraldeko taldea izan zen garailea, eta Nafarroako eta Bizkaiko selekzioek osatu zuten podiuma. Gizonetan, aldiz, Gipuzkoako taldea izan zen txapelduna, Nafarroaren eta Bizkaiaren aurretik. Klubak, gainera, Lur Alaiko kideen partaidetza eskertu eta goraipatu du. Orotara, klubeko bost jokalari izan dira Gipuzkoako selekzioarekin lehian, hiru emakumeen taldean eta bi gizonenean. Emakume parte hartzaileak Silvia Maro, Lorea Gomez eta Jone Iturria izan dira; gizonak, berriz, Xabier Azaldegi eta Gorka Arretxe.
Laugarren pistaren aldarrikapena
Txapelketaren atarian, Lur Alaik laugarren pista berreskuratzearen eta ez ixtearen aldarrikapena aurrera eramango zuela jakinarazi zuen, squasha babesteko helburuarekin. Larunbatean Bidasoa Irunek eta Bartzelonak Asobal Ligako estreinako partida jokatu zuten Artalekun, eta Lur Alaiko kideek squasharen aldeko pankarta bat zintzilikatu zuten kiroldegiko harmailetan honako esaldiarekin: ‘Borja, squasha babestu, ez itxi’. Borja Olazabal Irungo Udaleko kirol ordezkaria da.
Klubak honako gogoeta egin du laugarren pistaren aldarrikapenaren inguruan: “Ezjakintasuna eta desinformazioa salatu nahi ditugu, Borja Olazabal udal kirol zinegotziak ez baitigu informaziorik eman nahi, beti beste bide edo pertsonengandik izaten dugu gauzen berri. Badirudi pista bat behin betiko ixteko erabakia hartuta dagoela. Ez da erabaki ofiziala, baina obra hori egingo duten langileek esan digute agindua daukatela lehenbailehen lanak hasteko”.
Artalekun zintzilikatu zuten pankartarekin, Borja Olazabalen erantzuna espero du Lur Alaik: “Bidasoaren eta Bartzelonaren arteko partidan pankarta batekin azaldu gara, ea Borja Olazabal erantzunen bat ematera ausartzen eta aurpegia ematen hasten den. Bere erantzukizuna guri informazioa ematea da, eta ez beste bide estraofizialetatik jabetzea”.
Gertatzen ari den egoeraren aurrean, Lur Alaik argi du bere egitekoa: “Behin eta berriz diogu, gure 10. urteurren honetan, gure bidea eta gure esfortzu guztiak ez direla baloratu. Gure kontrako jarrerak adierazten ari direla salatzen ari gara. Oraingoz garaiz gabiltza squash pisten itxiera geldiarazteko. Zerbait esan nahi badigu, gugana hurbildu dadila eskatzen diogu. Gu ez gara bere atzetik ibiliko bere zurrumurruak egia edo gezurra ote diren jakin nahian”.