Gaur hasi da kiroldegietako ikastaroetan izena emateko epea
08:00etan ireki da Irungo kiroldegietako azken hiruhilekoko ikastaroetan apuntatzeko epea. Lehengo orduko eskari handiagatik arazoak izan dira izen-emateetan, baina une hori igarota, egoera normaltasunera itzuli da.
Gaur goizean hasi da Irungo kiroldegietako azken hiruhilekoko ikastaroetan izena emateko epea. Irungo Udalak jakinarazi du 08:00etan ireki dela prozesua, baina arazo tekniko batzuk izan direla lehenengo orduko eskari handia zela eta. Hala ere, erabiltzaile batzuek izena eman ahal izan dutela adierazi du udal erakundeak, hori bai, “ohi baino polikiago”.
Kiroldegiak kudeatzeaz arduratzen den enpresak sare sozialen bidez intzidentzien berri eman duela nabarmendu du udalak. Prozesua martxan jarri eta bi ordura, “egoera normaltasunera” itzuli dela azaldu dute: eguerdirako 2.000 pertsona inguruk eman dute izena, eta eskainitako tokien %50a baino gehiago bete dira.
Irungo Udaleko Kirol arloak “eragozpenak” sentitzen ditu, eta azpimarratu du pertsona asko sisteman sartu nahi zuten unea igarota, interesdunak “normal” sartu ahal izan direla.