Hilaren 17an, bigarren eskuko bizikleten azoka Irunen
Zabaltza plazan egingo dute, 10:30etik 14:00etara. Mugikortasun Astearen barruko ekitaldia da azokarena.
Hilaren 17an (igandea) Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute Irunen, Txungudiko Zerbitzuak (Txinzer) eragileak antolatua, eta Mugikortasuneko Astearen barruan. Zabaltza plazak jasoko du azoka, 10:30etik 14:00etara. Bertan herritarrek jar ditzakete salgai euren bizikleta erabili edo patinete elektrikoak. Aurrez izena eman behar da, ordea, 900 11 93 84 telefono zenbakira deituta edo Txinzerren webgunearen bitartez. Bi muga: parte hartzaileek 18 urtetik gorakoek behar dute izan, eta salgaien prezioa ezin da 500 euro baino gehiagokoa izan.
Merka2dasoak patinete elektrikoak eta bizikletak berrerabiltzeko topagune bat eskaini nahi die horien jabeei, eta balizko erosle eta erabiltzaileei. “Horregatik, salgai jarriko diren patinete elektriko eta bizikleta guztiak jada erabilitakoak izan beharko dute, eta egoera onean. Ezingo da material berririk edo stock-ik saldu”, zehaztu dute Txinzerretik.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen kudeatzaileak merkatuan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta Bidasoan ekonomia zirkularra sustatzearen garrantzia nabarmendu du. Zubiturren arabera, funtsezkoa da materialen eta baliabideen bizitza erabilgarria luzatzea hondakinak ahalik eta gehien murriztuz, “eta Merka2dasoa ikasturte berria kalitatezko bizikleta eta patinete elektrikoekin hasteko modu aparta da, prezio eskuragarrian erosteaz gain, ingurumena zaintzen baita”.