Gora egin du Irungo jarduera turistikoak
Hotelen okupazioaz gain, Turismo Bulegoak artatutako bisitari kopurua eta jarduera motak jaso ditu Bidasoa Bizirikek.
Bidasoa Bizirikek udako sasoian Irunek bizi izan duen jarduera turistikoaren berri eman du. Neurgailu nagusitzat hotelen okupazio tasa erabili dute, eta bataz bestekoa % 95ekoa izan dela adierazi. Joan den urtean antzerakoa izan zen okupazio-tasa, baina pandemiaren urtetako tasa gainditu eta egonkortu dela adierazi dute.
Hortaz gain, Irungo Turismo Bulegoak 3.400 artatu ditu aurtengo udan. Iaztik, % 40ean hazi da kopuru hori, eta bisitari gehienak atzerritarrak izan dira: estatutik, Madril, Katalunia zein Andaluziatik etorri dira batik-bat; baita Frantzia, Erresuma Batua edota Alemaniatik ere.
Jarduera kulturalak egin dituzte, oro har. Horren adierazle dira Donejakue bidea eginez edo gitera bertaratutakoak; edota Oiasso museoaren nahiz Ekoetxearen jarduerak hazi izana. Hurrenez hurren, museoak iaz baino % 19 bisita gehiago jaso ditu, eta Ekoetxeak 1.000 bisita baino gehiago jaso ditu. Bidasoa Bizirikek antolatutako bisita gidatuetan, guztira, 150 lagunek hartu dute parte.
Miguel Angel Paez Bidasoa Biziriken presidenteak zera adierazi du: “Hurbileko, nazioko eta nazioarteko turismoaren konbinazioak hiriaren eta ingurunearen erakargarritasunez gozatzeko aukera ematen die bisitatzen gaituzten pertsona guztiei”.