[Erreakzioak] Inoizko ordezkaritza handiena, 'keinuen' urtean
HITZAk Jaizkibelen, eta bertaratutako erakunde eta alderdi politikoen bozeramaileen adierazpenak jaso ditu.
Aurtengoa “keinuen urtea” da, Hondarribiko jaitako egun nagusiari dagokionean. Jaizkibel Konpainia eta alarde baztertzailearen inguruko gatazkak aldaketak nabari ditu. Izan ere, inoizko ordezkaritza politiko eta instituzional zabalena batu da gaur Hondarribian, eta alkate batek lehen aldiz egin dio harrera Jaizkibeli. Honek, ordea, harrera egin dio alarde baztertzaileari ere.
Jarraian, HITZAk Jaizkibel Konpainia, instituzio eta alderdi desberdinetako bozeramaileen adierazpenak jaso ditu:
Nora Ferreira eta Ane Garcia, Jaizkibel Konpainiako kapitain eta batzordeko kidea:
“Lehen aldiz atera gara Gernikako Arbolatik, eta beste konpainietako kide askok txalotu gaituzte. Keinu hori oso positiboa izan da Jaizkibelentzat. Bestetik, alkateak lehen aldiz harrera egin digu, eta hori ere oso positiboa izan da guretzat. Baina nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari harrera egin diola alkateak, eta oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, alarde baztertzaileari harrera egitea ez dela hautu neutro bat. Segregazioaren aldeko jarrera bat da, eta Jaizkibelek ez du begi onez ikusten. 1.000 lagun baino gehiago bildu gara, eta oso pozik gaude”.
Igor Enparan, Hondarribiko alkatea (Abotsanitz):
“Jai hau ondare immateriala dugu Hondarribian, eta babestu beharrean gaude. Hondarribian, gizonezko, emakumezko eta generorik identifikatzen ez duten pertsonek parte hartzeko eskubidea dute egun berezi honetan. Urrats txikiak egin ditugunaren sentsazioa daukat, alderdi guztiak egon gara lehen aldiz harrera instituzionalaren gunean, gatazka piztu zen urteaz geroztik. Herritar guztiek merezi dute harrera egitea. Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Emakunde eta Arartekoari harrera honetan parte hartzea eskertu nahi diet”.
Garoa Lekuona, EH Bilduko zinegotzia:
“Keinuen urte honetan egon dira gure gustukoak izan ez direnak: hala nola Gipuzkoako ahaldun nagusia alarde diskriminatzaileari harrera egiten egotea. Eider Mendozak egindako ahalegin honetan, Hondarribiko EAJrengandik beste jarrera bat espero genuen, baina ez da horrela izan. Orain artean, inork ez dio erantzukizun politikorik eskatu, eta horrek adierazten du zergatik daramatzagun 26 urte arazo honekin. Legealdi honetan, elkarrizketa mahai bat jarri dadila konponbiderako. Egun hauetan aipatu ez den detaile bat aipatu nahi nuke: Alarde Fundazioak ez du gaurko baimenik eskatu, alarde diskriminatzailearen izaera bera auzitegietan dagoelako”.
Iosu Alvarez, PSE-EEko zinegotzia:
“Gaurko eguna normaltasunez bizitzea espero dugu. Joan den urtetik hona beste aurpegi ikusten da, baina oraindik bidea jorratzeko ibilbide luzea dago. Nire ustez, udaleko politikariok lagun badezakegu ere, gatazkaren konponbidea herritarrek erabakiko dute. Alderdi sozialistaren helburua jaiak errespetuz bizitzea da.”
Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia:
“Eztabaidaren aldeko gure mugimendua egin nahi izan dugu gaur, alde guztiak aitortu beharrean gaude. Etorkizunari begira, elkarrizketa eta errespetua eskatu nahi ditugu. Zailtasun handiak egon direla jakinda, aldundiaren jarrera eraikitzailea da”.
Jose Antonio Rodrigez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea:
“Eusko Jaurlaritzak bat egin du alkatearen ekimenarekin. Elkarrizketa da gatazka gainditzeko modu bakarra, eta hemen gaude bide horretan urratsak eman daitezen. Egungo blokeo egoera gainditzeko urrats gisa ulertzen dugu Jaizkibel eta alardeari, biei, harrera egitea. Konponbidea hondarribiarren ekimena izango da, eta iritsiko da jai giroan ospatuko den irailaren 8a”.
Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria:
“Positiboa izan da aurten udal korporaziotik, alkatearen eskutik, jaso dugun keinua. Oso garrantzitsua izan da azken urteotan bizi izan den gatazka desblokeatzeko; aldundia atxiki da eta eskertzekoa da, erakundeok agertoki berri batean jartzen gaituelako. Keinu txikia izan bada ere, elkarrizketarako abagunea ireki du. Bestetik, gizartea entzun beharra dago; gizarteak gaur egun eskatzen duen gizon eta emakumeen arteko berdintasuna delako gailentzen den aldarria. Berezia izan da, eta apustua egin behar da gaur bizi izan den alaitasuna orokortu dadin”.
Manuel Lezertua, Arartekoa:
“Emakumeen parte hartzeko eskubideari babesa eman nahi dio Arartekoak. Elizako harreran egon gara, alkateari urte askotan eman den lehen urratsa eskertzeko, berdintasunaren aldekoa. Hunkituta nago, jende asko batu delako gaur”.
Maddalen Iriarte, EH Bildu:
“Azken hilabeteotan aurrera urrats batzuk eman dira udalaren aldetik. Horren erakusle dira alkatea HBH sarietan egon izana, eta gaur Jaizkibel Konpainiari harrera egin izana. Baina akatsa dela uste dugu Gipuzkoako Aldundiak errealitate honen bi alderdiak egoera berdinean jarri izana. Iruditzen zaigu parekidetasunaren kontrako konplize egite dituela horrek, neurri batean. Ez dugu uste zilegi denik bi errealitateak hauspotzea. Elkarrizketaren bidetik jarraituko dugu”.
Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos:
“Hondarribikoa oso jai hunkigarria da. Aurten, bereziki, eman den aurrerapausoagatik, berebizikoa izan da. Alkateari, bereziki, eskertu behar zaio; alkatetzara heldu berri den alderdi bateko ordezkari gisa erantzukizuna bere gain hartu duelako”.
Arantza Gonzalez, Ezker Anitza-IU:
“Oraindik parekidea izango den alarde bakarra ez dagoen honetan, gaizki iruditzen zaigu Hondarribiko EAJko zinegotziak harreran ez izatea, eta keinu hori ez da positiboa alarde bakarra eduki nahi badugu. Iaztik gauzak hobera doaz pixkanaka, eta alarde bakar eta parekiderako esfortzuak ondo ikusiko ditugu”.