[Argazkiak] Carol Atxukarro: "Mila esker Hondarribia, nire herri kuttunari!"
Hunkituta jaso du urrezko intsignia hondarribiarrak. "Ez dut hitzik sentitzen dudana azaltzeko. Ohore handia da niretzat intsignia hau jasotzea, eta oso harro nago hondarribiarra izateaz", esan du.
Carol Atxukarro hondarribiarrak badu bere urrezko intsignia, gaur egin dute entregaren ekitaldi ofiziala, udaleko ordezkaritzaz gain, lagun eta senidez inguratuta. Igor Enparan alkatearen arabera, “bere meritu eta aintzatespen profesionalagatik” saritzeaz gainera, “LGTBIQ eta gehiago mugimenduari egindako ekarpen eta bultzadagatik eta pertsona guztien eskubideak aldarrikatzen Fenomena elkartearekin lankidetzan aritzeagatik” ere saritu nahi izan dute. Hunkituta jaso du ikurra Atxukarrok, lepo beteta zegoen areto nagusian.
Igor Enparan alkateak hartu du hitza lehenik. “Carol langile bat da, ile apainketan formatua eta lanean aritua da gazte gaztetatik. Makillajean artista da. Ibilbidea ez zen erraza izan. Hamaika lanetan aritua, eta egun telebista eta zinema munduan jarduten du lanean. Sari honen balioa zure bizimodu pertsonalean ere badagoela aipatu nahi dut. Zarena zaren bezala bizi izan duzu, txiki txikitatik portuko kaleetan gora eta behera, etiketa batekin bizkarrean, sorbaldan edo bular aldean. Carol, zu eta beste hainbat zarete erakutsi diguzuenak harrotasunez bizi daitekeela ezberdin, sentitu daitekeela ezberdin, maitatu daitekeela ezberdin. Gaur zu saritzea da gizarteak erakutsi digun justizia, eta intsignia honek erreparazio bezala balio dezala. Maite zaitugu Carol!”, esan du alkateak.
Atxukarrok eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eta “hainbeste maitasun” eman dioten herrikideei. “Mila esker Hondarribia, nire herri kuttunari! Ez dut hitzik sentitzen dudana azaltzeko. Ohore handia da niretzat intsignia hau jasotzea, eta oso harro nago hondarribiarra izateaz”, esan du. Bertaratutako guztiak eta senide eta lagunak eskertzeaz gainera, “aipamen berezi bat” egin nahi izan du: “Ikerri dedikatu nahi diot gaurkoa. Zuek ezagutu zenuten Iker hori, irribarre amaiezin batekin zegoen hori, etorkizun ziurgabe bat izan arren herritik joan zen hori. Gaur Carolinak sari hau jasotzea posible egin duen Iker hori. Gora Ama Guadalupekoa eta gure Hondarribia!”, esan du, hunkituta.