Irun Hiria Musika Bandak egingo du ohorezko sakea larunbatean, Artalekun
50 urte bete ditu aurten hiriko musika talde zaharrenetarikoak. Harekin batera arituko dira Ondare elkarteko kideak, eta Jazzarte dantza taldea atsedenaldian.
Larunbatean, 16:45ean, hasiera emango dio Bidasoa Irunek ASOBAL Ligari. Bartzelona talde txapelduna jasoko du Artalekun, eta denboraldiari bide onetik ekin nahi dio eskubaloi taldeak. Bide beretik, zalego, jokalari eta taldea are eta gehiago elkartu nahi ditu Bidasoa Irunek; eta horretarako hainbat berezitasun prestatu dituzte. Hori dela eta, zaleei partida hasi aurretik denboraz bertaratzeko egin diete dei.
Omenaldi nagusia Irun Hiria Musika Bandari egingo diote. 50. urte bete dituen taldeak ohorezko sakea egingo du, bost hamarkadetako ibilbideari aitortza egiteko, nolabait. Hiriko kultura elkarte zaharrenetarikoa da Irun Hiria Musika Banda, eta garrantzi handia izan du eguneroko sozial, kultural eta politikoan. Garikoitz Gonzalez Munduate eta Alazne Alberdi Susperregi dira taldearen zuzendariak, eta gaur egun 70 musikari inguruk hartzen dute parte.
Aurrekoa ez da izango larunbateko omenaldi bakarra, ordea. Musika bandarekin batera arituko dira Tomas Svensson eta Asier Etxaburu Ondare Kultur Elkarteko kideak, 1995ean Europako Koparekin ageri direnak. Lehena, gaur egun, Bartzelonaren bigarren entrenatzaile lanetan dabil.
Hortaz guztiaz gain, atsedenaldian zehar Jazzarte dantza taldea arituko da.